nerea loiola pikaza

Lau sagar

2024ko otsailaren 8a
05:00
Entzun

Lanetik iritsi berri da eta umeen merienda prest utzi nahi du beste ezer baino lehen. Bildu ditu ogitartekoak auzo berriko etxe berriko sukalde berrian, sartu ditu poltsan edateko jogurt batzuk eta frutontzira gerturatu da. Pieza bakarra dago. Nola ba, apustu egingo luke goizean lauzpabost zeudela. Erlojuari begiratu dio: ordubete barru aterako dira umeak ikastolatik eta korrika saioa egin nahi zuen aurretik.

Aldameneko auzoko betiko denda txikira joaten bada, ez du izango nahi beste korrika egiteko astirik; auzo berrian kate handi batek zabaldu duen city supermerkatura joaten bada, bai. Auzo berrian denda txikiren bat egongo balitz, bertara joango litzateke; beti babestu izan du bertako komertzioa, erosle arduratsutzat du bere burua. Baina auzo berrian ez du inork halakorik zabaldu. Auzo berriko etxebizitzen etxabeetan salgai dauden lokalak eskuragaitzak dira merkatari txikientzat. 

Udalak egiten ditu tarteka bertako komertzio txikia sustatzeko kanpainak, baina ze eredu bultzatzen da benetan? Nolako erraztasunak jartzen zaizkie merkatari txikiei? Nolako trabak? Bed and breakfast erako auzoak eraikitzen badituzu, sinesgarritasunik badu hauek bizigarri egiteko zure asmoak?

Kirol arropak jantzita jaitsi da etxepeko supermerkatu handira, total, lau sagarrengatik ez da ezer gertatzen, konbentzitu du bere burua. Gaur bakarrik. Azkenean, bertan zela aprobetxatuz, oilasko bularkiak, gazta, afaltzeko arrautzak, zorroko patata batzuk eta tomate frijitua ere erosi ditu. Horregatik, iluntzean ez da betiko denda txikitik pasatuko. Baina gaur bakarrik, errepikatu dio bere buruari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.