Mila eta bat ertz Azpeitiko eskulturaren inguruan sortu den mahatsak.
Ertz bat informazioarena, udalak ez baitzuen, egile berrientzako bekak eman zituenean, diru-laguntza besterik eskaini, sortzeko eta trebatzeko. Ezin beraz, zentsura ahomentatu, tentazioa handia izan badaiteke ere.
Ertz bat epaimahaiaren ertzean, zergatik hautatu zuen orduan latsariaren egitasmoa artistak berak irudia garbitegian kokatua aurkeztu bazuen hasieratik proiektuan, zergatik gertatu zen gaizki-ulertua jarraipenean.
Ertz bat adierazpen politikoena, izan ere, ez da erraz ikusten zergatik behar duen alderdi politiko batek «emakumearen gorputzaren estereotipoa» zein den erabaki. Eta zergatik, hain justu irizpide subjektiboaren argudioa erabiltzen den oposizioa egiteko.
Ertz bat eskultura izatea, eta ez liburua, ez dantza, ez instalazio bat; zizelak sorturiko erraldoiak, berez, ez baitira garaje batean gordetzeko jaiotzen mundura. Ertz bat, eta ez kamutsena, espazioarena. Zergatik behar duen Azpeitiko garbitegi neoklasiko ederrak irudi figuratibo bat, zer apaintzeko, zer iradokitzeko. Ertza, ezen memoriari lagundu beharraren beharrarekin, ez ote garen orain zonbien inbasiopean bizi: zirgariak, arrantzaleak, harri zulatzaileak, eusko gudariak, kantinerak… espazio publikoaren okupazio figuratiboa, lanbide zaharren eta moda berrien aitzakian.
Ez dut zalantzarik ertzik gabeko esfera perfektua genukeela udal agintariei Labanderak gustatu izan balitzaie. Bestelakoa balitz emaitza, hantxe legoke alberkari begira. Baina orduan ez genuke aipatutako ertzon erdirik ere. Eta uste dut, sormen eta beka artean, behar dugula gogoeta sakonik espazio publikoaren erabileraz.