Hilekoaren minez hirutan tolestuta eta zorabiatzear nengoen, baina lortu nuen osasun zentroko atea pasatzea. Ozta-ozta iritsi nintzen mostradorera, eta segituan atenditu ninduten harrerakoek, esertzeko lasai, emaginarenera eramango nindutela. Emagina ere azkar eta bikain, ginekologoari deitu zion, eta galdetu ea artatuko ninduen, nahiz eta hitzordurik ez eduki. Ginekologoak baietz, pasatzeko kontsultara. Ekografia, hurrengo asterako zita, eta zain bidezko nolotil txute eta lasaitasun dosi bana. Buelta harrerara, eta segi erizainengana. Han beso batean zunda eta bestean tentsioa hartzeko makina jarri zidaten ez nendin zorabiatu. Ordubetean bost esku diferentetatik pasa nintzen, denak bikainak. Duela hiru aste izan zen hori.
Nolotilari entxufatuta nengoela, beste erizain bat etorri zen gelara nire erizainari abisatzeko elektrokardiograma bat egin behar ziotela iritsi berri bati, zer dela ere bihotzeko zerbait deskartatzeko. Ez dakit zenbat mediku egongo ote ziren egun hartan osasun zentroan proba haren emaitzak baloratzeko, baina halako bi kasu ailegatu balira, gainezka egitetik gertu egongo ziren. Zoritxarrez, ez litzateke lehen aldia izango artarako behar beste langile ez egoteagatik albiste txarrak eman beharra, horra iazko abuztuan Laudioko osasun zentroan hil zen herritar horren kasua, esaterako.
Ez dut hain urrun ere joan nahi. Baina posible da larrialdiak pilatzea, eta nahi nuke herritarrek nik jaso nuen arreta jasotzea, osasun langileek zenbat balio duten eta zein profesionalak diren berresten baituzu halakoetan. Dena emateko prest baitaude haiek, baina, zoritxarrez, baliabideak falta dira. Ez dakit duela hiru aste joan beharrean orain dela astebete joan banintz zer gertatuko ote zen. Ia 20.000 biztanle dituen Lasarte-Orian mediku bakarra baitzegoen lanean. Laudiok eta Lasartek badute La-z hasteaz aparteko antzekotasun bat, beraz. Osasun langileen eskasia, eta horren aurka protestatzen duten herritarrak. Eta La-z, beste bat, larrialditik ateratzeko behar urgentea.