Larrepetit

2012ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Hasieran, (duela hamaika hilabete), galdera egin nuen: «zergatik Larrepetit?» Irailaren lehena egokitu zitzaidan, eta, ikasturtearen hasiera izaki, Larrepetit atalaren hasiera ofizial antzeko bat idaztea gauza dotorea izango zela iruditu zitzaidan. Baina ez, ez nuen garaiz jakin zergatik zen izena. Beraz, zegokionari galdera utzi, eta beste bide bat hartu nuen.

Artean erantzunik gabe, Pello Lizarralderen nobelaren ingurukoak irakurri, eta jakin nuen ihesaldi baten protagonista zela Larrepetit. Baina, ezin ihesaldi batekin lotu zutabearen izena. Ez zirudien atal horretan idazten zutenek ezeren ihesean zebiltzatenik. Nahiko garbi ikusten zen hori beste zutabekideengan, eta gauza bera esan dezaket niri dagokidanez: ez nabil ihesean, gehienetan ez, behintzat.

Galdera ahaztuta nuen garaian, kasualitatez iritsi zitzaidan zeri esaten zaion larrepetit: larre handitan dabilen Orthoptera ordenako Caelifera azpiordenaren intsektuari. Matxinsaltoari, alegia.

Matxinsaltoa. Larre handitan dabilen intsektua. Saltoka batetik bestera. Zelai zabalean, bihurgunez betetako bidea egiten, han-hemenka bazterrak lardaskatzen, orain agertu da, handik pixka batera ez dago, etorri da berriz salto batean. Ez du larrearean ekosistema aldatzen, bakarra denean. Ezta sei larrepetit direnean ere. Batzuetan taldean dabilela ematen du, besteekin batera salto egiten ikusten dugu eta. Baina ohikoena da bere kasa ikustea gure belardietan. Larrepetit. Larre handitan dabilen izaki txikia. Aproposa izena. Egokia, niri dagokidanez, behintzat. (Ohar zaitez, irakurle, intsektua-ren tokian izakia jartzen duela oraingoan).

Larrepetit bat izan. Saltoka gai batetik bestera. Zelai zabalean bihurgunez betetako bidea egiten, han-hemenka bazterrak lardaskatzen, orain agertu eta handik pixka batera ez nago. Atsegina izan da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.