«Urak dakarrena urak daroa» dio leloak; Nafarroaren erdialdean, ordea, ekarritakoa baino anitzez gehiago eraman zuen urak orain dela bizpahiru aste, eta, gaur ere, dagoeneko albiste ez garen honetan, segitzen dugu hondarrak biltzen, uholdeek utzitako harri eta lokatz pilaz lursailak garbitzen, auzokoen nahigabea eta kezka pittin bat arindu nahian. Uraren mailak behera egitearekin, gainazalera atera dira, galdutako ondasun materialak nola, memorian ahaztuxe zeuden pasadizo eta oroitzapenak (gogoan duzue plan urbanistiko hura, Luis Valero alkate zelarik, asmo zuena ibaia estaltzea aparkalekuak egiteko? Venezia txikia, esaten zioten).
77ko uholdeek eraman zuten guztiaz entzuten bizitza osoa daramagunok hobeki ulertzen dugu orain zer den uraren indarra. Larrazkena izanen da soro batzuetan berriz landatzen hasterako, eta auskalo zer larrazkenetan berdinduko diren galerak. Iltzatuta geldituko zaizkigu egun lokaztuok, eta ondorengoei emanen diegu matraka urak behinola eragin zuen horrekin guztiarekin, mintzagai izanen da inoiz beste uholde bat gertatzean, eta orduan ulertuko dute haiek ere, auzolanean direlarik, zer zioten zaharrek.
Konponbide bateraturik eman ezean, ibaiari oztopoak jartzen segi ezkero, berriz gertatuko baita. Ikusi nahi ez horren bidetik, larrazkenean beste uholde bat etorriko zaigu, 11/13 sumarioari ekinen baitiote; 47 auzipetu, errepresaliatuen eta horien familien aldeko lan publiko eta legezkoa egiteagatik. Senitarteko, abokatu, psikologo, bitartekariak dira, gure auzokide, lagun eta lankideak. Ez dira 47 pertsona epaitzen ari, herri bat baizik, 38 adingabe eta bakean aurrera egiteko erabakimena. Berriki kantuan esan dutenez, makroepaiketa honi ere makroelkartasunarekin erantzunen diogu; lokaztuta eta auzolanean, orain arte egin dugunez.
Larrazkenean loratuko ahal da gure primadera.
LARREPETIT
Larrazkena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu