Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Landa eremuko jendea

2022ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Mallorcan, pasa den asteburuan. Kristin Hansenek, Palmako Pride Week-eko antolatzaileak, esaldi burutsua bota zuen ekimenaren aurkezpen ekitaldian: «Sekula lesbianarik ikusi ez duen landa eremuko jendea etorriko da, eta esanen du: Hara! Lesbianak beste edozein pertsona bezalakoak dira!». Bai, kontxo, eta pagès-ek, aziendari jatera eman eta azpiak garbitu ondoren, hiriburuko bisitan beltzen bat ikusiko dute, zorte pittin batez.

Ildo merkantilista gailendu zaio LGTBQI kolektiboko pertsonen eskubideak aldarrikatzeko jaio zen ekimenari. Enpresariak jakinarazi zuen kolektiboko kideak turista atseginak eta kultura handikoak direla, eta erosteko ahalmen handiagoa dutela gainerako bisitariek baino. Eta iragarri zuen etxeak erosiko dituztela, non eta etxebizitza eskuratzea ezinezko den lurraldean; seguruenik, etxe horietako zenbait hiritik kanpoko terra ignota-n.

Ikuspegi turbokapitalista erakusteaz gain, topikoetatik tiraka aritu zen Alemaniako andrea, lehen jarrera kontserbadoreak eta pentsamolde baztertzaileak deuseztatzea helburu zuen Harrotasun Asteko jardueren zergatia azaltzeko. Aitortu behar dut aurreiritzi bat aldarazi zidala Hansenen diskurtsoak: enpresariaren hitzek argia ekarri aurretik, uste nuen Erdialdeko Europako herrialde aurreratuetako biztanleek ez zietela topikoei jaramonik egiten. Bistan da oker nenbilela.

125 urte joan dira Oscar Wilde homosexuala izateagatik espetxeratu zutenetik. Idazlearen hitzetan, landa eremuan edozein izan zitekeen zintzo, han ez baitzegoen tentaziorik. Irlandarraren ustea ere bazen zerbaitetan huts egina zela, jendea bere gogoetekin ados zegoen bakoitzean. Landatarra ez da, berez, esentzia guzien zaindari bukolikoa —euskararena, adibidez—, ezta zokotik sekula atera ez den gizaki ezjakina ere; era berean, hiritarra ez da, berez, pertsona ilustratua, ez eta behi bat zer den ez dakien kaletar zozoa ere. Aspaldi da topiko horiek baztertu behar zirela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.