Anthony Klotz Texaseko Negozio irakasleak 2019an argi ikusi zuen: Mendebaldean lanarekin dugun harremanak itotzen gaitu. The Great Resignation (Dimisio handia) izena eman zion. COVID-19aren pandemiatik atera ostean pertsona askok lan egiteari utzi zion AEBetan. 2021ean, batez bestean, hileko lau milioi pertsonak uko egiten zion bere lanari. AEBetan hasi zen, Europara heltzen ari da, txiri-txiri. Lanarekiko beste harreman posibleak beharrezkotzat hartzen dituzte adituek. Nork ez du ezagutzen lanak, lan giroak, lan-harremanek, lan-exijentziek gaixotu duenik? Mobing-ak, gutxiespenak, gehiegizko lan zama, burnout edo lan-higadura, suizidioak… Lan harremanen osasuna ez da ona. Adituek diote, eta lana, beharginentzat ez ezik, enpresentzat ere arazo bihurtu da.
Europan ere gora doan joera da. Gero eta pertsona gehiagok uste du larregizkoa dela, eta, antza denez, enpresa zenbait, gerta litekeena aurreikusita, hasi da neurriak ezartzen; dela malgutasuna, dela soldata handiagoa… Datu bat: Madrileko Unibertsitate Konplutentseko Kultura Filosofiako irakasle J.E. Valls Boix-ek dio lanaren logika kapitalistak irentsi gaituela, eta bizitzaren alor denetara heldu dela.
Severance telesailaren lehen denboraldia amaitu berri dut. Gai nagusia lana da. Etorkizun ustezkoan, enpresa handi batean lan egiten duten zenbait pertsonak garuna bitan banatzea erabaki dute. Garun erdia, lanari emanda egongo da, eta beste erdia, berriz, aisialdira. Bereizita dago garuna, beraz, lanetik aterata ahaztu edo egiten dute bertan gertatzen dena, eta alderantziz. Telesailak ezinegona utzi dit, eta, lanaren gainean pentsatzeko solas asko. Inguruan ikusten dut: egun, (ustezko) onenean ere, arazo bat da lana.