Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Lambertotarren bandera

2022ko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Berriki hil da Josefina Lamberto Yoldi. Asteon Iruñerrian antzokiratu zuten Agirretarren bandera. Antzezlanaren hasieran, 1924an jaio eta hil berri den aitonaren hiru bilobek haiek jaio aurreko aitonaren bizitzako pasarteak gogoratzen dituzte. Nabarmen uzten dute aitonaz dakitena sarritan fantasia bat dela (36ko gerran, 12 urterekin, hiru faxista hil zituela) baina aski eztabaidaezina dena dela askapenaren eta irakurtzearen alde jarri zela, polizien eta eskirolen kontra. Eta hala nahastu zaizkit fikziozko pieza bat Josefina Lambertoren bizitzaz eta heriotzaz han eta hemen idatzi direnekin.

Irudi luke Maravillas Lambertoren talde bortxaketa eta hilketa antolatua (bi guardia zibilek, bi zibilek, falangista batek, karlista batek, udaleko funtzionario batek). Irudi luke bortxatu zutenean aita zuen Vicente Lambertoren hilketa. Irudi luke familiatik bizirik geratu zirenei errekisatutako guztia. Irudi luke Josefina Lambertorekin elizak bizitza osoan egin zituen tratu txarrak. Irudi luke Paulina Yoldi amari egindako atxiloketa. Irudi luke ehunka lagun, herri bat, eskualde bat, herrialde oso bat inplikatuta egon zen prozesu historiko bat gauetik egunerako zoroaldi bat izan zela. Kronologia horien atzean ez dago historiarik. Dago zerutik inolako azalpen astronomikorik gabe erori den zerbaiti buruzko kontaketa. Eta daude biktima batzuk zeinei beren izaera politikoa zuztarretik ukatu zaien: beren memoriaren monopolioa izan dutenek ez dituztelako beren hipotesi politikoak partekatu.

Afera ez zen Josefina, Maravillas, Vicente, Paulina eta Pilar ontasunaren haragitzea zirela eta gaizkia polizia, zibil eta estatu burges bateko gorputzetan haragitu zela haien kontra basati. Afera zen lurraren banaketa, afera zen garaiko kapitalaren aliantza langile mugimenduaren kontra. Eta, beraz, genealogia politiko hori egin partez kronologia soil bat planteatzen duenak, ez duenak azaltzen nola 1936ko Larragan eta 2022an UGT direla hiru hizki berdin bezain antagoniko, adibidez (batean iraultzaile, bestean erreakzionario), bigarrenez hiltzen ditu hildakoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.