Aurrekoan, autoan papertxo bat utzi zidaten. Ez zen isuna, eskerrak. Irakurtzen hasi nintzen: Profesor Kara, igarle afrikarra. 72 orduan arazo guztiak konpontzen dituela zioen. Osasunean, maitasunean, lanean, ikasketetan... Bizitzako alor guztietan lagun ziezadakeela: «Lehiaketetan eta kirolean hobea izaten, arazo judizialekin, negoziora bezeroak erakartzen, tabakoa eta alkohola berehala uzten». Beldur guztien kontrako babesa ematen du, bikotea bilatzen lagundu eta begizkoa kendu. Depresioa uxatu eta zortea ekarri. Emaitzak ikusitakoan ordaintzen ei da. «Ez gehiago itxaron. Oraintxe bertan dei ezazu bizitza aldatuko dizun telefonora».
Egun horretan lagun batekin elkartu nintzen. Autolaguntza liburu bat ari da irakurtzen. Norbaitek gomendatu omen zion. Autolaguntza liburuak aukeratzeko ere laguntza behar baita. Hainbeste daude, izan ere. Izan zoriontsu. Barne bakea. Optimismora bidaia. Bizitza eraldatzeko 101 modu. Arrakastaren 7 legeak. Eraiki zure ametsa. Bizitzan ernegatuta ez egoteko artea.
Denak irakurtzeko bizitza osoa behar da. Pentsa, badaude autolaguntza liburuak gomendatzeko idatzitako liburuak ere. Orain Autolaguntza liburuak, iruzur ederra! liburua ere argitaratu dute. Eparquio Delgado psikologoak lanzanos.com webgunearen bidez lortu du horretarako dirua: 120 laguntzaile lortu ditu.
Trenetik jaistean, atzo: «Barkatu...». Tipo bat gerturatu zitzaidan. Kaleren batera nola joan galdetuko zidala pentsatu nuen. Ni, laguntzeko prest. «Nahi al duzu zure bizitzako lana lortzea?». Galdera hori bai ez nuela espero. «Zer da, kamera ezkutuko broma bat?». Ezetz erantzun zidan, serio. Lagundu egin nahi zidala. Nire bizitzan oreka bilatzen. Zer nahi dudan jakiten. Behar bezala aukeratzen. Ez zen afrikarra. Euskalduna zen. Telefonoa eman zidan.
Larrepetit
Laguntza
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu