Biziki inportanta da bihar arratsaldean Baionan ikastolen alde eginen den manifestaldia. Alta, iruditzen zait jendea ez dela ohartu egoeraren larritasunaz. Estatuak enbidoa bota digu, eta ez badiogu gogor erantzuten, Hendaian hasi duen ibilbideak ez du etenik izanen. Egun Hendaia, bihar?
Urtero, 1.000 jende berri heldu dira Frantziatik Ipar Euskal Herrira bizitzera, itsasoa eta mendia duen Frantziako xoko xoragarri honetara. Jadanik bertakoak euskalduntzeko arazoak baldin baditugu, zer erranik ez kanpotik etorritakoak.
Urte guziz 200 bat ikasle gehiago eskolatzen dira ikastoletan. Ikastolak ez badira handitzen, ez badira berriak sortzen, gure hizkuntzarenak egin du. Jadanik oso zail dena ezinezko bilakatuko da.
Eskola elebidunetan egin dezaketen lana gutietsi gabe, gaur egun ikastolak dira murgiltze eredua eskaintzen duten bakarrak, hastetik buru. Murgiltze eredua garatu nahiko genuke eskola publiko eta katolikoetan ere, baina ez gurasoak ez irakasleak ez eta Hezkuntza Ministerioa ez dago horretarako prest. Ikastolak dira oraingoz alternatiba bakarra, eta dugun aukera bakar horri eutsi behar diogu.
Parisen bost axola zaie euskara, bost axola 300.000 biztanlera heltzen ez den bakantzetako lurralde puska honen geroa. Ikusi berri dugu nola putz egin diguten aurpegira, hautetsi guziek batera, 100tik gora auzapezek, parlamentari guziek batera (diputatu, senatari eta europarlamentari) Lurralde Elkargo bat aldarrikaturik ere... Eskola legeari ere hainbat emendakin aurkeztu zituzten murgiltze eredua babesteko euskal, bretoi, alsaziar, korsikar, okzitaniar eta katalan parlamentariek bat eginik, baina gobernuak mespretxuz tratatu ondoren, orain belarriondokoa eman digute.
Hortzak erakusteko garaia da. Orain arteko egoera alegalak ez du gehiago balio; lege babesa behar dugu. Laguntza behar dugu.
Larrepetit
Lagundu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu