Baietz ba, S.: zutabe fresko eta umoretsua —udatiarra, alegia— idatzi nahi dut. Pentsatua nuen Iruñeko alkateaz eta bere alkatekeriez zerbait idaztea. Buruan nenbilen Esporrinen lagunak iazko sanferminetan eskaini zigun ateraldi irri-egingarria, Iruñea hipika munduaren epizentro bihurtu nahi izan zuen hartan. Peñakideen Gora Euskadi motako txano ez oso estetikoak Ascoteko pamela ez oso funtzionalez ordezkatzeko saio antzua egin zuenekoa. Gogoan duzu, ezta? Bandera erraldoiaren igotzea ere txertatu nahi nuen artikuluan. Baina burura etorri zait zenbat euro xahutu diren maiakeria horietan eta zertarako erabil litekeen diru hori guztia, eta txisteek grazia galdu dute bat-batean, Maia gustu txarreko broma baita.
Sinets iezadazu, S.: saiatu egin naiz. Iruñeko alkatea albo batera utzita, irakurleen irribarrea piztuko zuen albistea bilatzeari ekin diot. Alferrik, berehala ohartu naiz gaur ez nuela asmoa beteko. Harrotasunaren eguna? AEBetan abortuaren eskubidea ezabatu eta gero, sodomia zigortzeko eztabaida piztu omen da. Broma gutxi. Ikasturte bukaerari buruzko zerbait? Hezkuntzaz hizketatzen banaiz, aipatu behar dut ezkerrak sistema publikoa babesgabe utzi duela, triste samarra dena.
Melillako sarraskiaren irudiak agertu zaizkit pantailan —hemendik urte batzuetara esanen dugu ez genekiela zertan ari ziren Europako mugetan, 1945eko alemaniarren aitzakia hutsal bera erabilita—, eta Sanchezek Marokoko jendarmeriari eskainitako laudorio okagarriak leitu ditut berriz —tipo horrek ezkerreko alderdien sostengurik merezi du? Ez—. Mexikoren eta AEBen arteko mugan hil diren 46 migranteen berri izan ondoren, ordenagailua itzali dut. Ez dut txantxetan aritzeko gogorik.
S., gai udatiarren bat aholkatuko didazu, mesedez? Egon! Zerorrek idatziko bazenu zutabea? Trukean, zinema saioa eta afari legea ekialde ahalik eta urruneneko jatetxe batean —planetatik kanpokoa balitz, hobe—. Ez zaizu damutuko.
LARREPETIT
Lagundu, mesedez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu