Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Lagun, eta malko sozialdemokratak

2023ko irailaren 9a
00:00
Entzun
Gure amak oso garbi zuen, liburuzaleak liburu-dendak behar ditu, eta guk Iruñekoia guztietan erosten genuen: mojen Manantial-en, PSOEkoek-eta zaletasuna zuten Parnasillo-n, Fernando Aretarenean, Abarzuzan, Gomez-eko hiruretan, Xalbadorren eta, nola ez, ezkerreko jendeak 1977an sortu zuen Auzolanen. Ordutik haurtzaroko ohiturari segitu diot: ulertu liburu-denda bakoitzak ematen duen onena, duen zentzua, eta egin ibilaldi bat, izan liburuen flaneur bat. Horregatik, dramatikoa iruditzen zait liburu-denda independentea ixtea, aitortzen dut badudala hor zerbait liberala, akaso troskista. Horregatik da niretzat drama bat Lagun liburu-denda ixtea.

Euskal Herrian liburu-dendei eraso gehien egin dieten taldeak ez dira ETAren ingurukoak izan. Hori, Gasteizen faxismoa zuritzen duen historialari ezagunak ere, zeharka, aitortu berri du. Edonola ere, iraultzaile batentzat, estetikoki, defenda ezina da liburu-denda independenteei erasotzea, inkluso faxistak badira ere, liburuak badu gure historian zerbait sakratua.

Halere, egunotan Lagun itxi dela-eta, gezurrezko kausa-efektu bat marraztu dute zenbaitek. Argi esateko: Lagun ez zuen kale borrokak itxi; ez zuen, zorionez, ETAren mehatxuak itxi. Azken erasoetatik mende laurdenera itxi ditu ateak.

Zergatik itxi da orduan? PSE-EEren komitiba ofizial bat han izan zen, berriki, lamentuka. PSE-EEk gobernatu du 30 urtez —zuzenean ala zeharka— Donostiako Udala, turismoaren kultura sustatu du artearen kultura sustatu beharrean. Gainera, XX. mendean ez bezala, sozialdemokratek ez dute erdiko klaseko seme-alabarik sakrifikatu nahi edozein funtzionariok baino bizi-baldintza okerragoak dauzkan ofizio batean: opor erdiak, soldata murritzagoa, ardura ekonomikoak. Progreek nahi dute liburu-denda, baina haiek erdiko klaseko izanda. Hannah Arendt parafraseatuz, «badirudi erdiko klaseko sozialdemokratak batzen dituen lotura bakarra dela gauza bera nahi duten pertsonen artean bizirauten duen zalantzazko elkartasuna: norbanako gisa salbatu nahi dute».

Lagun-i erasotzea negargarria izan zen, baina itxi, erdiko klase progrearen benetako proiektuak itxi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.