Iñigo Aranbarri.

Kultura preso

2024ko azaroaren 24a
05:00
Entzun

Munduko probarik garrantzitsuenetakoa omen Escape from Alcatraz Triathlona. 60 herrialdetako hamar mila atletatik gora aurten ere, besteak beste, Alcatraz uhartetik murgil eginda Fort Point jotzeko. Ez da hutsetik sortua igeribidea: 1962an John Paul Scott presoak ihesian egin zuena berregiten da. Hemen, Ezkabatik Urepelerakoa bete zuten korrika ehunka lagunek maiatzean, 1938ko itzuria gogoan. Bada adibide haboro han-hemenka. Izan ere, badute zerbait ihesek. Historiak janzten ditu, eta sentipen unibertsalek.  

Horregatik ez zaie kultura arrotz. Dumasen Montecristoko kondea-tik Hustonen Ihesa ala garaipena-ra, frantsesen Papillon-etik espainiarren El Lute-ra, gatibuaren hanka-jokoa publikoaren amets bihurtzen da, askatasunaren garaipen sinbolikoa, non eta espetxe sistema halako errota txikitzailea den, handikien faboreko beti eta jende xehearen kalterako. Nork du gogoan presoa administrazio kontseiluetan?

Eta horrela ulertu behar da Kortatu taldearen Sarri, Sarri, ostera ere interes politikoak tarteko, polemika bortxatu baten begian jarri nahi izatea. Sormena uneko bulkadekin lotzeko behar hori ez ulertzea, deus gutxi ulertzea da, ezen korapiloa estutuz, lasai eraman daiteke bestela urkamendi moralera Patxi Lopez konplizea ere, tolesik gabe aitortu izan baitu berak ere kantatu eta dantzatu egin izan duela Sarri, Sarri-rekin. Edo areago, Andoni Ortuzar, Hertzainaken agurrean BECeko harmailetan alaitsu eta kementsu, bertan bildutakoek eztarria urratu arte ziotela, «batzuen ustez ordaintzen/dagokien zigorra/maite dutenentzat berriz/askatasun haizea».  

Hori kopreni ezean, elkarri atzea emanda bizitzera kondenatuta daude politika eta kultura.   

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.