Iñigo Aranbarri.

Kuku arrautza

2025eko apirilaren 6a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Heldu da udaberria eta harekin nahaste kukua. Hasia da arra kantuan eta laster du emeak errute garaia. Zainduko du beste hegazti baten habia, jaurtiko du behegainera bertan diren arrautzetarik bat eta paratuko du berea triskatuaren ordez. Kukukumea sortuko denez aurrena, horrexek abarrikatuko ditu gainontzekoak eta hor haziko du amaordeak sarkina, berea delakoan.

Heldu da udaberria eta jo du Groenlandia JD Vancek, AEBetako presidenteordeak. Aho bizarrik gabe mintzatu da gizona: «Danimarka ez da fin ibili uhartea behar den legez babesten». Mafiaren hizkera ez da zaila harrapatzen, Trump dago laguntzeko bestela: «Ez badute ulertzen, azaldu egin beharko diegu». Boterea iritsi duenetik dabil gizon laranja teman. Beretzat nahi du irla, bertan diren mineralengatik eta Ipar Poloan duen garrantzi estrategikoagatik. Ez gara hasiko bertakoen iritziaz arduratzen.

Mende luzez, inuitak izan ziren biztanle bakarrak, baina aurrez vikingoak bertan bizi izan zirelako aitzakian, beretzat hartu zuen Danimarkak XVIII. mendean. Kolonia gisa ustiatu du ordutik. Bigarren Mundu Gerran, ordea, Alemania naziaren beldur, Estatu Batuei eskatu zitzaien laguntza. Harrezkero dituzte amerikarrek base militarrak Groenlandian.

Ondikoz, ez da zabalduko den arrautza bakarra. Mundua biraka delarik, (nola zen 100 metroko mantra hura?: «It turns the earth/ It turns with its trees… its gardens… its houses/ It turns with its great pools of blood»), botak estutu eta Otsondotik gora ekin diot, Gorramendirantz. Kukuaren kantua atera zait bidera. Ez ahal du gogoan izango alderdi hauetan ere utzia zuela beste arrautza bat. Gauzak nola datozen ikusita, nork daki…

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.