Siboney, yo te quiero / yo me muero por tu amor... Rita Montaner kubatarrak kantatu omen zuen lehenengoz Ernesto Lecuona herrikidearen abesti klasikoa (1927), txikitan inguruko emakumeek pasioz baina kiboka abesten zutena, dena den bezala esan behar bada. Egiaz abestiak ez du maitasuna adierazten, herri-mina baizik, sibonei Kuba mendebaleko biztanleen izena baitzen, bai eta euren mintzoari eman ohi zaiona ere. Ekialdean Arawak familia bereko beste hizkuntza bat erabiltzen zen 1492an Kolon hara iristerakoan, «tainera klasikoa» deritzana, biak ala biak egun Guajira penintsulan (Kolonbia) bizirik diharduen wayuu-ren ahaide, besteak beste.
Suntsitu aurretik, kontaktatutako lehen hizkuntza izan zenez, tainerak hemen ez ziren hamaika zeren izenak oparitu zizkigun, eskuarki espainolaren bitartez: batata, guaiaba, hamaka, iguana, kaiman, kanoa, kaoba, loro, mangle, tabako, urakan, kazike… Denak daude Euskaltzaindiaren hiztegian, manati koitadua izan ezik.
Batzuek borrokan dihardute, halere. Zer nahiago, patata ala lursagarra? Euskal errokoa, pomme de terre frantsesaren kalkoa, Nafarroa Beherean bizi da, aldaerak aldaera; Zuberoa gehienean pumaterra diote (ikus EHHA), eta besteok tainerazkoa onartu dugu, egosi zein frijituta. Amerikatik etorritako maiz-ak arto izena lapurtu zion artatxikiari euskal herri gehienetan. Tiburoi ere hortxe dabil lasai asko, nahiz ofizialki marrazo izan: gaztelaniazko marrajo hitzaren etorkia ezezaguna omen, baina marrajo animalia Mediterraneoan bizi da gugandik hurbilenik, antza denez: atera kontuak. Frantsesez eta espainolez bezalaxe, berriz, nahuatl-etiko kakahuete-rekin gelditu gara: tainerazko maní Antonio Machín kubatarraren abestian baino ez dukegu entzun: Maníííí. Si te quieres por el pico divertir / Cómete un cucuruchito de maní.
Gaur Kubatik Kubara derrigor. Zergatik? Bakean utz dezatengatik.
LARREPETIT
Kuba zergatik?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu