Ehun bat gipuzkoarrek kriptodirua deklaratu omen dute: guztira 50.000 euro inguru. Behin saiatu nintzen kaosari buruzko zientzia-liburu bat irakurtzen, 104. orrialderaino heldu bai, baina ez nintzen ezer askotaz jabetu (Quinori keinu-keinu). Horrelatsu kriptozerez ere.
Liburutan inbertitzen dut neuk. Bai, badakit autoekin gertatzen den bezala erosi orduko dirua galtzen ari naizela, eta iaz auto zaharragatik eman zizkidaten 99 euroak norbaitek liburu hauengatik emango balitu pozik. Alabaina, denak irakurtzeko itxaropenik izan ez arren —osaba Pedrok zehazki kalkulatu zuen muga hori gainditu zuen urtea—, behin erretiroa harturik irakurri bakoen kopuruari ausikiño bat egingo diodalakoan nago: irakurleku bat atondu dut argi goxo baten azpian, eta jada hasi naiz praktikatzen, zer gerta ere.
Erretirotik nerabezarora. Gurasoak dendatik etorri baino arinago orrialde batzuk, bazkalostean beste batzuk, eta nekez bai nekez liburua utzi, ikastetxera joan beharrarengatik. Etxeratu eta berriro orri artean bildu, etxeko lanak egin gabe, eleberri haren pertsonaiak eta itzuli-mitzuliak burutik kendu ezinik.
Nagusitxoago, Humberto Ecoren Apocalípticos e integrados edo L. D. Reynolds eta N. G. Wilsonen Copistas y filólogos ez-eleberriak ere arnasestuka irakurri nituen, eta geroago zer esango, apaletatik begira ditudan Monteanoren El iceberg navarro edo Altonagaren Back to Leizarraga, edo Lucia Berlinen Manual para mujeres de la limpieza zein Alice Munroren Etsaiak, lagunak… ipuin-liburuak (Zalduari keinu).
Kriptodiruzale gipuzkoarrei zor diet oroitzapenok berreskuratu izana eta, bidenabar, kriptomnesia eta batez ere kriptoginia premiazko hitzak ikasi izana ere. Bejondeiela.