Aste honetan, ezagutzen ez nuen berba bat ikasi dut: kriptomnesia. Nonbaiten ikusi, entzun edo irakurritakoa gure garunaren sakonenean txertatuta geratzen da. Kriptomnesia gertatzen da oroitzapen horiek norberarenak balira lez kaleratzen ditugunean. Kontua gehiago korapila liteke. Beste norbaiti entzundako ideia bat zure burumuinak iraganean gorde eta uneren batean zurea balitz bezala ager dezakezu. Edo izan liteke norberak iraganean emandako ideia bat, eta orainean, modu inkontzientean, ideia berria balitz bezala agertzea.
Deskribatu zuen lehenengoa Carl Gustav Jung (1875-1961) psikiatra izan zen. Zera erakutsi nahi zuen: sormen prozesu batzuk aurretiaz memoriak atzemandako gomuta inkontzienteak zirela. Bai, plagioa, baina jabetu barik kopiatzen ari zarela. Literaturan hamaika adibide dago. Nietzschek Justinus Kerner-en ideia batzuk hartu ei zituen Honela mintzatu zen Zaratrusta lanean; Shakespearek Cleopatraz egiten duen deskribapena Plutarcok askoz lehenago egin zuenaren kopia baino ez omen da; Robert Louis Stevenson-ek aitortu zuen Altxorraren uhartea-k badituela inspiratutako pasarte batzuk, Daniel Defoeren Robinson Crusoe eta Edgar Allan Poeren ipuin batzuetatik hartuak. Umberto Ecoren Il nome della rosa lanean bada kriptomnesia unerik. Politikagintzan ere izan dira kasu asko. AEBetako presidentea izan zen Reaganek hauteskunde kanpaina batean II. mundu gerrako pilotu baten jazoera kontatu zuen erabat hunkituta benetakoa balitz lez. 1944ko Wing and a Prayer filmaren amaiera zen. Bazekien? Batek daki. George Harrison musikariari ere pasatu zitzaion My Sweet Lord kantuarekin. Bere sormena zela pentsatzen zuen, baina epaitegietara eraman zuten. Robert Mack-ek egin eta Chiffons taldeak abestu zuen He is so fine kantuaren antza itzela zuen. Harrisonek galdu egin zuen.
Alegia, kriptomnesikoak garela denok.
LARREPETIT
Kriptomnesia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu