Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Korrikondoa

2019ko apirilaren 21a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Mira eginda uzten nau Kike Amonarrizek. Inor gutxi bezala mintzo da hiztunez, hizkuntzez eta hauen inguruko dinamikez. Bai lasai gero, eta horregatixe mira, era positiboan beti, nahiz eta zaurian izan begi-belarriak. Eta hala zioen, Korrikaren ondoko analisian telebistan berbetan, zer indar bakar eta eder den korrikalari eroen lasterketa, zer sinbolismo zoragarri gordetzen duen, baina era berean, zein duen arriskua beste hainbat ekimenek bezala: postureoa. Alegia, erritualizatu ahala ez ote zaigun ari horixe gertatzen: azalekoa izatea atxikimendua; bakoitza bere neurrian, haragoko konpromisorik gabekoa.

Eta Amonarriz etorri zitzaidan gogora Iñigo Urkulluren tuita irakurri nuenean: «Begirune-eza politiko edozein adierazpen gaitzezten dut. Mendebaldeko gaurko gizarte aurreratuan gorrotoaren adierazle gisa jazarpen eta indarkeriaren gertakariak direlarik. Baita Euskadin ere». Ez nuen espainierazko bertsiora jo beharrik izan, aurrean nuen erantzuna. Ez zuen bakarra. Neure burua madarikatu nuen. Zergatik ez ote dut Amonarrizen patxadaren laurdenik, zergatik ozpintzen naiz hain ohikoak direnean txikikeriok. Azken beltzean, horixe baita garenaren neurria: euskaraz den artean zabarkeria, ez dago zertan lotsagorritu. Nahiz eta, nork eta lehendakari batek (zuzen dezadan, haren prentsa bulegoak) utzi neurri horretako perlak. Lehendakari batek… horrela idazteagatik hizkuntza eskakizun agiriak ukatzen ari garenean euskaltegi eta eskoletan, harena baino lanpostu xumeagoetarako ezinbesteko diren akreditazioak sarritan.

Eta nago eskasa genukeela kontsolamendua Urkullurekin berdintzera haserrea, oro har, erabat zabaldua baitago politikarien artean ausiabartza hau. Kanpainan gaude, nahikoa da ikustea zein den maila. Praktikak uzten du postureoa ageriago.

Horrexegatik, neure ozpintasunetik, nola ez diot mira izango Kike Amonarrizi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.