maddi ane txoperena iribarren
LARREPETIT

Korrika

2019ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Beldurra sentitzen dut korrika egitera joaten naizenean; beti. Batzuetan gutxiago, besteetan gehiago, baina beldurra. Ez da arrazionala: badakit probabilitate gutxi daudela berez gizon ezezagun bat errepidera atera ni harrapatu eta bortxatzeko. Leku ustez segurutik noalako, eta ilun badago, argiturik dauden bideetatik. Baina ezin dut ekidin: segidan eta nahigabe jartzen dut arreta hotsetan; zerbait sumatzen badut atzera begiratzen dut etengabe; eta urrutian gizonezko bat ikusten badut zentzumen guziak jartzen zaizkit adi.

Azkenaldian indarra hartzen ari da komunikabideetan sexu erasoen gaia, eta, batzuetan, zalantza izaten dut egokia ote den horien berri hain zabal eta luze ematea. Eta hedabide batzuek egiten dutenez, gainera, sentsazionalismoz beterik eta gaizki. Zalantza sortzen zait, informatzea berez ongi dagoelako; izan behar dugulako erasoen berri; eta ez litzatekeelako egokia Frantziako komunikabideek bezala arazoa estaltzea. Baina nahigabe burura etortzen baitzait beti ni izan naitekeela hurrengoa; edozein emakume izan daitekeelako, eta ez gure iruditeriako andre sumiso eta buruarin hori.

Zalantza sortzen zait, hain justu, funtzio hori betetzen dutelako erasoek: emakumeon bizitzetan beldurra eragitea. Beldurrez korrika egitera joan baino anitzek nahiago izanen dutelako korrika egitera ez atera, bertzerik gabe. Edo, nik bezala, neguko arratsalde ilunetan ohiko ibilbidea aldatu, eta soilik herri barrenetik eginen dutelako laster. Edo gauez ez direlako bestara aterako, edo ez behinik behin bakarrik bueltatuko etxera; edo egitekotan, ez lasai. Eta ondorioz, emakumeon bizitzak eta sexualitatea kontrolpean edukiko dituztelako, menpean.

Horregatik segitzen dut bakarrik korrika egiten; zerbait gertatzekotan agian ezinen dudalako ekidin, baina nahiago baitut beldurrez korrika egin beldurragatik laster egiteari utzi baino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.