Garunean kateatuta geratu zait aurreko asteko gaia. Aurreikus daitekeen Lurraren hondamendira ez iristeko, «zer galdu, dena ez galtzeko» eta «deshazkundearen» artean dantzan izan ditut neuronak.
Ingurukoei bezala, erreakzio ugari sortzen dit aferak. Erantzukizunean (eta are gehiago erruan) heziak izan garenontzat, larria da kontua. Lurraren bizirauteko zerbait galdu behar dugula planteatzen denean, norberekeria jartzen zaigu auzitan: «zer egin dut eta egiten dudan gaizki, zenbat xahutuko nuen nire ezjakintasunean, noraino naizen egoeraren erantzule, nire jokaerak noraino ekarri digun kaltea». Eta, batzuetan, hor geratzen gara trabatuta. Ez ahaztu, gainera, krisiaren aitzakiarekin, sarri esan zaigula gure ahalbideen gainetik bizi izan garela gutako asko. Ez dago esan beharrik, erreakzio hori dela sistema aldaketarik nahi ez dutenek bultzatzen duten lehena.
Horretan kateatuta gelditzen ez bagara, laster pasatzen gara zer egin behar dugun erabakitzera: «zer aldatu behar dudan, aldaketa posible ote den, nola egin beharko, gauza izango ote naizen beste era batean bizitzeko». Pixka bat aztertuz gero, hori da hainbat erakundek (energia banatzaileak, tartean) bultzatzen duten erreakzioa, banakako xahutzaile txikiontzat egiten dituzten kanpainekin.
Garbi dago ez bata ez bestea ez direla korapilotik aterako gaituztenak. Errua eta beldurra alde batera utzita, eta ardura eraginkorraren bidetik, bestelakoa behar du gure erantzuna. Lehenengo urratsa, kontziente izan eta egoerakiko jarrera kritikoa sustatu, guregan eta ingurukoengan, botere ekonomikoak kontrolatzen dituen hedabideei itsu-itsuan sinistu gabe. Eta, ondoren, erabaki zeintzuk diren alferrikako xahupenak, norberari eta gizarteari begira.
Hasteko, begi-bistakoa da hezkuntzan eta osasungintzan murrizketak egiteak ez duela planetaren baliabide eskasiaren arazoa konponduko.
Larrepetit
Korapilotik ateratzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu