Ander Perez Argote

Kontzientziaren herria

2024ko azaroaren 1a
05:00
Entzun

Jakin-en azken zenbakian Joanes Igeregik Bidaiak etxean hasten dira tituluarekin idatzitako artikulua irakurri duzu lehenik, eta Cira Crespok Go homeizenburuz idatzitakoa gero, eta turistifikazioaren gaia ezin hobe esplika zitekeela pentsatu duzu. Egiaz, ez da azkenaldian gaiaz irakurri duzun bakarra. Fenomenoak titularrak bete ditu, eta jendearen elkarrizketetan inoiz baino presenteago ageri da. Izatez, egungo gizarteek pairatzen dituzten arazoen artean, begi-bisten geratzen direnetako bat izango da turismoarena, arrazoi argi batengatik: ez bada norberak bere herriko kaleetan sufritzen duelako, kanpora doanean bizi izan duelako, edota, are, eragin duelako. 

Arazoaren biktima gara, baina eragile ere bagara, ziurrenik gehiago, munduan egokitu zaigun tokiagatik. Eta hortaz, bukatu dira ez ikusiarena egiteko garaiak. Kontzientziazioaren garaiak bizi gaitu.

Eta, hala ere, zaila dirudi konponbideak, planetan arazo larriak eragiten dituen ehunka milioi horietako bat garela konturatzen garelako, bai, eta aldi berean ezin dugulako saihestu hurrengo bidaiatxoa zein izango den pentsatzea. Tabakoa utziko duela dioten erretzaile horietako bat dirudigu. Are gehiago, nahi duenean tabakoa utzi ahalko duela konbentzituta dioten erretzaile horietako bat: sekula uzten ez duena.

Aitzindariek ere —demagun, bidaiatzeari borondate propioz uko egiten dioten balizko boluntarioek— ez dute bide erraza, norbere opor eta paraje ederrak Instagramen promozionatzea sareetan egoteko modu nagusia bihurtu den honetan. Erretzaile ohi bati arratsaldeak kalamu klub batean pasa ditzan eskatzea bezala da.

Bide horretan, kontzientziatuen herria izango gara laster. Baina, praktikara pasatu ezean, gauza bakarrerako balioko digu horrek: mundua erabat lehertzen denean, elkarri esan ahal izateko: «Guk bagenekien».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.