Lagun baten lagunari psikologoak esan diolako jakin duzu ez direla gutxi terapian, erreferenteengatik galdetuta, Elon Musken izena aipatzen dutenak. Ez dakizuna da haien aspirazioa munduko pertsonarik aberatsena bihurtzea den, edo Elon Musk izatea bera, eta milioiez aparte, ideologia faxista eta izaera higuingarri baten jabe ere izatea. Bata larria litzateke, bestea are larriago.
Espaziora bidali dute asteon ere Espainiako telebistako pertsonaia xelebre bat, eta, lurreratzean, betiko ametsa bete duela esan die zain zeuzkan komunikabideei. Orduan pentsatu duzu ze bitxia den aspirazioen kontu hau, eta zenbat eskala egin daitezkeen eguneroko duin eta eroso samar bat izateko ametsarekin konformatzen direnen eta mundua menperatzera iritsi nahi dutenen artean.
Zeren eta batzuek, anbizio erabatekoz, bizitzan izan nahi duten horren alde karta guztiak jokatzen dituzten bitartean, beste batzuek, zu tartean, oraindik handitan zer izan nahi duzuen galdetzen diozue tarteka zeuen buruari. Eta ez, ez zaudete egotik eta kapital soziala irabazi nahi izatetik salbu. Eta ez, ez da umiltasun antzeztu eta nagusitasun moral batek gidatzen zaituztena: irtenbide indibidualistetan huts egin baino, unean-unean konforme eta ongi inguratuta bizitzea hobe zela ikasi zenuten bakarrik.
Elon Musk izan nahi duten horietatik guztietatik bakar bat ere ez da iritsiko Elon Musk izatera, ezta urrundik ere. Baina denek, den-denek beharko dituzte afektuak, zaintza-sareak eta oinarrizko beharrak aseko dizkieten sistema publikoak. Are gehiago espektatiba handien ondoko porrota pairatu dutenek. Muskek eta enparauek ez diete halakorik eskainiko. Eta nahikoa beharko luke hori, arrazoi historikoa eta proiektu irabazlea izatearen ziurtasuna, ezkerra, frustrazioak frustrazio, konbentzimendu osoz eta konplexurik gabe plazara agertu dadin. Iluntzen doan mundu batean, kontrastean, are ikusgarri izango delako argia.