Bederatzi hilabeteren ondoren etxera itzuliko dira Suni Williams eta Butch Wilmore. Akorduan dituzu? Zortzi egunetarako joan ziren Nazioarteko Espazio Estaziora, eta harrapatuta geratu ezin Lurrera itzulirik. Ez dakit itzuli ote diren, agian sekula ez dira itzuliko. Edozelan ere, Lurra hartzen dutenean, osasun eta bakteriologia proba guztiak egin ostean, hara eta honakoa hasiko dute. Crusoekeriak kontatu behar dituzte: aspertu ote diren, euren artean haragi hurbiltasunik izan den, edota zelan ospatu zuten Gabon zaharra. Ezer interesgarririk ez, seguruen. Izan ere, zer da interesgarria? Niretzat interesgarria ezberdina da, deigarria egiten zaidana, ohikotasunetik ateratzen dena, nire baitako baitan zerbait isiotu egiten duena. Baliteke, baina, zuretzat interesgarria erabat ezberdina izatea. Alegia, zuretzat interesgarria zure gustuak eta pentsamenduak berresten dituen hori dela, ezelango ezinegonik eragiten ez dizuna. Lasaitua ematen dizuna.
Pentsatzen dut dagoeneko bai Sunik eta baita Butchek ere jakingo dutela euren herrian presidente berria dagoela. Bozik emango zuten? Nori? Badago jendea pentsatzen duena boto bat kutxa batean sartzen den paper bat besterik ez dela. Nik gero eta argiago dut mundua begiratzeko modu bat dela. Eta honek, neurri batean, lortura dauka gaur hizpide izan nahi nuenarekin: konpromisoa. Jule Goikoetxearen Politeismo bastarta irakurtzen ari naiz, eta bertan egileak adierazten du Angela Davis-ek itxaropenaren aldeko aldarria egin duela, eta denok ondo gogoan dugula hori. Baina horrekin lotuta diziplinaren alde ere egiten duela, eta hori denok ahaztu dugula. Konpromisoa bezala. Konpromiso, konpromezu, konpromisu. Hori ere ez baitugu argi.