Nahiago eskailerak garbitu EH Bilduren botoekin alkate izan baino. Kostatuko zaio konparazioak ezarri dion erdoka garbitzen bizi den artean Cristina Ibarrola Iruñeko alkate ohiari. Saiatu, saiatu da, etorri zaion zaparradarekin beldurtuta: «Garbi dago esan nahi izan dudana zera dela, nahiago dudala garbitzaileen lan duin, gogor eta gaizki ordaindua egin nire printzipioak saldu baino».
Inor gutxik sinetsi dio, noski. Ezkutatu ezinezko larderiazko jarreraz gain, hizkerak berak salatu du. Mendeetako bidea du berme gaztelerak: «Lehenago moro galego baino» darabil Lope de Vegak eta halatsu Tirso de Molinak. Arrunt esakune erabilia zen bere garaian lehenago moroarena, baita euskaraz ere. Estebanillo Gonzalez nobela pikareskoan, aldatuxe ageri da: «Lehenago puto galego baino». Moro edo puto, nekez esan liteke identitate duindu beharrekotzat erabili izan denik, izan ere, gisa honetako konparazioetan zer dira biak azkenaurreko maila besterik kakatzarako zurubian. Lehenago garbitzaile. Hitzek egiten gaituzte.
Badu Nerea Arrienek ipuin eder bat eskailera garbitzaileez. Idazlea da kontalaria, eta surf egitetik etxerakoan, halako erru sentipen batek lotzen du bebarruan sartuta Diane-ren aurretik pasatzen delarik. Baten aisia-hondarrak garbitzen ditu bestearen lanbasak. Lerroz lerro, ispiluen jolas bihurtzen da ipuina. Ohartu denerako, garbitzailea da idazlearen istorioa kontatzen ari dena eta biluzik uzten duena guztien aurrean, bere aurre-juzku, keinu klasista eta beldur betikoekin.
Presaka nabilkio itzultzen Ibarrolari, ea Erregetarako heltzen zaion, Espainiako Urrezko Mendeko antologia bikain batekin batera, erdoka lotsa-emangarriagoa dakion.
Konparazioa
Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (2)
Ordenatu