Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Konexioak

2023ko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Zenbat denbora pasa dezake iraultzaile batek anelidoak aztertzen? Badira bidegurutzeak bezalakoak diren itaunak. Nork daki zer den anelido bat? «Espezie honetan itsas zizareak, lur zizareak eta izainak sartzen dira». (Eskerrik asko Euskal Wikipedia posible egiten duzuenoi). Kontzertu baten erdian horrelako esaldia bota dezakezu eta, atoan, joan egiten zara; eta gero, itzuli. Bilboko Kafe Antzokian sarri egon naiz. Jendez lepo zeuden kontzertuetan, eta lau katu eta erdi zeudenetan. Ez du loturarik musika kalitatearekin, gauzak horrelakoak dira. Konektatzen duzu edo ez. Izan ere, musikaren (eta sorkuntza diziplina guztien) gakoa horixe da: konektatzea. Ez nuen uste Ibil Bedik hainbeste jende batu zezakeenik, are gutxiago, hainbeste gazte. Eurak ere (nik uste dut) txundituta geratu ziren. Izan ere, kontzertuan aitortu zuten Bilboratu ziren aurrekoan oso jende gutxi egon zela, Biran (Zazpikaleetan dagoen kulturgunea).

Hogeitaka urteko emakume eta gizonek taldearen kantuak kantatzen zituzten. Begiak zarratuta batzuek, inguruko lagunei helduta, besteek. Denek, hunkituta. Hunkituta euskaraz kantatzen duen talde batekin. Inarrosiak, hots, konektatuak. «Orain bat gara», kantatzen hasi zuten taldekideek, eta han batutakoek elkarri lotuta barrutik esaten zuten «zara, naiz, gara...», eta niri neuri akordura etorri zitzaidan urtearen hondarretan leku berean barru-barrutik kantatzen dugula: «baina alferrik da/ berandu dabiltza/ ez dute ezer lortuko honez gero...».

Zaharrenak ginen. Ama ez ginen hiruron seme-alabak izanzitezkeen han-hantxe kantatzen batuta zeuden guztiak, konektatuta inork ez dakien zerbaiti. Duela egun batzuk Jon Urzelaik egunkari honetan esan du festibalizazioak kamustu dezakeela musikaren eragiteko ahalmena. Zorionez bada, oraindik, kontrolagaitza den zerbait, gure baitaren baitan isiotu egiten dena, eta bat egiteko gaitasuna daukana. Orain bat gara, bai horixe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.