Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Kondenatuak

2020ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Esango banizu, maitea, beldur diodala goizalbari… Beti pentsatu izan dut nolakoak ginatekeen gaurko egunak ez ekartzera dakarrena. Gatzik eta berakatzik gabeko beste egun bat gehiago izatera irailaren 27 hau. Hain pisu ez balitz, izen, toki, gertaera jakin batzuei lotu gabea. Nolakoak ginatekeen Francoren azken fusilamendurikgabe han urrunean, denak beste dimentsio bat zuen sasoi hartan.

Izan ere, beste nonbaiten sortu izatera, ez ginen Loiolako etorbidean gertatuko iluntze hartan. Halako batean, guardia zibilen ibilgailuen konboi bat, hildakoen auto bat ondo gordea tartean, eta barruan, olana militar batez estalitako katabuta. Anjel Otaegi zen, Burgoseko bakardadetik etxera bueltan. Astiro zetorren? Iluntasunaren abiadan.

Beste nonbaiten haztera, hurrengo hilabeteetan ez ginatekeen praka motxetan bizikletaz joango kanposantuko nuarberaino eskolatik irten orduko, auskalo zer burutazio batbederak hilobi aurrean. Eta han geunden, zazpi pinuak zain, Maria Otaegiren aurrean. Semearen txokoa apaintzera igoa hura, nagusien intifadako umeak gu, ama baten begietan bilduak.

Autek, Izagirrek, Saizarbitoriak lagundu ziguten gerora itzalak jartzen memorian ehortziriko gorpu haiei. Ikurrak humanizatu ahala, denok atera garela irabazten uste dut. Baina igaro dira berrogeita bost urte eta hemen nabil, bizikizunak berrizen, hipotesiekin jolasean. Beharko genuke seguru asko askeagoak izan, ez kolaboratu ordukoa betikotzen, utzi denboraren ibaiari bere lana egiten. Beharko genuke, baina alferrik da. Kondenatuta bizi gara. Norbera izanik, komunitate garela sinestuta. Eta hemen dator berriro, ez nazazu bakarrik laga goizalban…

Hasperen egin dut. Azti, berehala hartu zion airea Arestik TS Eliot estuari: Dembora passatuac eta dembora futuroac, guertha ahal içan cenac eta guerthatu cenac, bethi presente dagoen fin batetara desarratzen dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.