Zihara Enbeita.
LARREPETIT

Komunitatearen zerbitzura

2016ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
#kazetaritzaezdadelitua idazten nuen orain urtebete txoko honetan. Eta, zoritxarrez, Argia-ko kazetari batek Espainiako Gobernuaren eskutik jasotako 601 euroko isunaren harira, berriro ere gogorarazi behar izan dugu/diegu atzo ikusiezina ikusaraztea, isilean gorde gura den hura entzunaraztea ez dela delitua. Kazetaritza dela. Nahiz eta askoren gustuko ez izan. Nahiz eta deserosoa izan.

Orain gutxi entzun eta irakurri nituen Jeff Jarvis idazle, blogari eta kazetaritza irakaslearen berbak ditut gogoan. Etorkizuneko kazetaria komunitatea zerbitzatzeak kezkatu behar lukeela zioen eta ez edukia saltzeak. Era berean, informazioa herritarren esku dagoen momentu honetan kazetarien lana informazioa testuinguruan sartzea dela, herritarrek egin ez dituzten galderak egitea, hain zuzen ere.

Testuingurutik ateratako hitzak dira kasu honetan, aitortzen dut, baina horixe zigortu berri du mozal legeak, kazetariak herriaren zerbitzura egotea, zerbitzu publikoa izatea eta kazetariek herritarrek egin ez dituzten galderak egitea. Euren begiz ikusi nahi izatea, gero herritarrei kontatzeko.

Horregatik eskertzen ditugu guk egin gura genituzkeen galderak egiten dituzten medio, kazetari, argazkilari edo kameralariak (plantillako zein freelance). Horregatik eskertzen ditugu gure begi diren medio, kazetari, argazkilari edo kameralariak hemen edota munduan zehar. Gertatzen dena ulertzen laguntzeko gakoak ematen dizkigutenak, gure jakin-mina asetzen laguntzen digutenak edota oraindik ere galdera gehiago oparitzen dizkigutenak. Bulegoa utzi eta kalean bizi direnak. Gu guztiontzako lanean. Guri ahotsa ematen eta guri beste batzuen ahotsa helduarazten. Ez dakit inoiz esan dizuegun zenbat eskertzen dugun egiten duzuen lana eta zuen ahalegina. Inoiz ez omen da berandu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.