Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Kollontai, prostituzioa eta familia

2023ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Pentsamendu erreformistaren ezaugarrietako bat izaten da eklektikotasunaren izenean egindako manipulazioa. Ez hainbeste ezinezkoak diren sintesien arteko sistemen arteko elkarrizketa baizik eta, zuzenean, filosofia oso eta osatu baten ataltxo bat hartu eta unitate buruaski gisa aurkeztea. Urtero gertatzen da, esaterako, PSOE bezalako alderdi anti-iraultzaileek, beren familia politikoak hil zuen Rosa Luxemburg hartzea Martxoaren 8rako esaldi ilustre bat erabiltzeko. Antzera, feminismoaren izenean lan-eremu bakar prostituten bizi baldintzak okertuko dituzten sistema juridiko-polizialak defendatzen dituzten mugimendu burgesen propagandan, halako batean, aurkitzea Alexandra Kollontairen esaldi isolatu bat.

Kollontairen izena, SESBetik kanpora, 1920ko langileen oposizioarekin lotu ohi da, egungo Errusian gogoratuagoa da historiako lehenengo emakume enbaxadorea izan zela. Bere ekarpen nabarmenen artean egon zen, ordea, emakumearen askapenaz pentsatzea: askapen ekonomikoa eta askapen sexuala. Eta hala, duela berrogeita hamar urte Parisen argitaratu zuten apailatze zabal eta sistematiko bat irakurri dut egunotan eta, albiste txarra prohibizionistentzat: Kollontai ez zegoen prostituzioaren kontra, edo bestela esanda, Kollontai zeharo zegoen prostituzioaren kontra baina intentsitate berarekin zegoen burges handi, txiki eta proletarioei behar ekonomikoak asetzeko egokitu zitzaien familiaren antolaketarekin, orduko maitasunaren eta sexualitatearen garapenarekin. Horretarako aztertu zuen kapitalismoan familiak izan zuen eboluzioa klaseen arabera. Baina bere borroka, kapitalismoaren suntsitzea izan zen, iraultza komunista, ez prostituzioa desagerrarazteko egungo sexu-langileen baldintzak okertzea.

Are gehiago, prostituzioaren desagerpena, 1917aren osteko iraultzak sortu zituen egitura materialek ekarri zuten Errusian, ez kontrakoa. Prostituzioaren abolizioa eskatzea familia monogamoaren, eta bereziki jabetza pribatuaren abolizioa, migrazio politikena eta poliziarena (Kollontaik esplizituki aipatzen du «zelata mediko-poliziala») eskatu gabe intentsitate handiko fantasia burges bat da, patriarkatuaren eta kapitalismoaren zigorrari pisua gehitzen diena gainera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.