Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Koadro itsusi bat

2023ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Mende erdi atzo Picasso hil zela. Bizirik, obra handia utzi zuen; Guernica, tartean, baina New Yorken.

Francok hura eskuratzeko saiakera egin zuelarik, margolariaren erantzuna erabatekoa izan zen: «Guernica eta biok ez gara itzuliko». Baina itzuli zen. Suarezen kultura ministro donostiarrak, Iñigo Cavero baroiak iragarri zuen, Afrikatik etxera lehoi buruarekin datorren ehiztariaren handi-mandikeriaz: «Gaur itzuli da azken erbesteratua». Horrela mintzo zen Trantsizioa.

Benetan, Guernica ez zen inoiz atera erbestera. Seguru asko, egundo Euskal Herriko etxe gehienetan egon den artelana izan da. Egongelan kartoi enmarkatuan, lagunak zurean zizelkatua, auzoak ezkutuan ekarria... koadroak jabe morala bazuela sinetsita bizi ginen. Gernikaren mina belaunaldi batetik bestera transmititu zelako egon zen beti berton, inora barik. Gureak ziren hildakoak, gurea behar zuen obrak.

Baina Picassok Parisen zuen atelierrean ikusi zuelarik, «amorrarazi» egin zuen Manuel Irujo. Jose Maria Uzelai, Bermeoko batzokian frankistek fusilatutako horma-irudiaren egilea, iritzi berekoa zen: «artelan legez, munduan egin den txarrenetakoa da». Hala ere, jo zuen ahalegina Julio Jauregi diputatu gazteak. Eta Picassok erantzun: «Agirre lehendakariak eskatzen badit, Guernica zuentzat da, euskaldunontzat». Baina Agirrek zuen formazioa zuen: «ez da nire gustukoa, niretzat ez du ezer balio».

2006an, obra Bilboko Guggenheimera ekartzeko saiakeran, zorroztasun handiz azaldu zuen Joseba Zubia orduko bozeramaile jeltzaleak zertan zetzan kontua: «Picassok margotua delako, bestela ez du beharbada arte balio handirik, baina duen balio politikoa neurtezina da guretzat».

Ordurako, Barrionuevok eta Verak, GALeko antolatzaile izateagatik zigortuak, Guernica-ren erreplika bat egina zuten Guadalajarako kartzelako patioan.

Antza, jabe moral gehiago zituen. Horixe ez genuen ongi neurtu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.