Maider Galardi

KLOZ

2024ko abenduaren 5a
05:00
Entzun

Messenggerreko elkarrizketa agurtzeko AMZ batek baino KLOZ batek ilusio gehiago egiten zion jende talde horretakoa naiz. Berez, Asko Maite Zaitut eta Kristoren Lagun Ona Zara ez daude kontrajarrita, baina nerabetik barneratu dugu maitatzea nori lotuta dagoen. Jende talde horretakoa naiz, segur aski, kuadrilla bat nuelako eta 12 urterekin kuadrilla horretan aintzatetsia izatea berme soziala zelako. Norbaiten lagunik onena izatea kuadrillan botere kuota altua edukitzeko lehen muxua ematea bezain garrantzitsua izaten zen garaiaz ari naiz. Zenbat eta gehiagorentzat bestie izan, orduan eta popularitate handiagoa. Hau da, zenbat eta gehiagorentzat bestie izan, orduan eta aukera gutxiago gainerako adiskideak zure aurka altxatzeko. Horra kuadrillaren ordena sinbolikoa. Hain zuzen, BTN podcastean Uxue Alberdik eta Mari Luz Estebanek auzitan jarri dituzte adiskidetasunaren eta kuadrillaren zimenduak. 

Kuadrilla mantentzen duen jende talde horretakoa naiz, pribilegiatua batzuentzat, klasiko eta sinpleegia besteentzat. Aitortu behar dut, halaber, askotan pentsatzen dudala betiko izango dela horrela. Emantzat ematen dela ostiralero elkartuko garela poteoan. Promes hori egin diete beren lagun guztiei Intza Alkain eta Maite Aizpurua sortzaileek: betidanik eta betiko. Nork ez du idatzi hori adiskide minen agendetan, Tuentin, Fotologen? Egia esan, ezkontza kontratuaren antz handiegia ikusten diot orain baieztapen horri, baina ez dakit zehazki zergatik ez zaidan hainbesterako iruditzen. 

Orain gutxi nire amonaren lagun minarekin topo egin dut kalean. Esan dit askotan pentsatzen duela «halako hura» kontatuko liokeela, eta ohartzen dela jada ez dagoela. Asko sumatzen duela haren falta. Familian hitz egin dugu sarri doluaz taburik gabe, baina ez dakit gutako inork pentsatu duen lagunaren saminaz. Ea amonaren urtebetetze egunean gonbidatu beharko genukeen bazkaritara, ea elkarrekin joango garen kanposantura.

Hiztegia falta zaigu adiskidetasunak sortzen duena deskribatzeko. Badakit ikerketa feministetatik ari direla, eta gustura jasoko dugu ekarpena. Zuek Kristoren Ikerlari Onak Zarete. KIOZ.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.