Larrepetit

Klasistak

UXUE APAOLAZA
2011ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Bilduk Donostiako alkatetza lortu duenetik, bat-batean politikari zenbait kulturarekin kezkaturik ikusten ditut, kultura azken aldian turismoa esateko eufemismo izanik. Alkate berria ikusi, Odonen begiak jarri, eta glamouritisak jo gaitu.

Azkenaldiko kultura sofistikatuaren espresioez pentsatuz, gogoratu naiz Donostian oso ondo emango lukeen —baina Getarian zer esanik ez— Balentziaga museoa inauguratu berri dutela, beste zenbait partiduren ikuspuntu zabalaren zeinu.

Denbora asko pasa da, hala esaten zuten berriemaileek ere, «…hamar urteren ondoren», kostatuko zela aurreikusi ziren sei milioien lekuan bikoitza baino dezente gehiago gastatuz, eta Marbellaren aromadun eskandaluak ere eskainiz, PNVko karguen emazteei (emazteei!) oparitutako Balentziagaren traputxoak barne; tonadillera bat falta zen, edo bertsolari famaturen bat nahi bada.

Honainoko bidea ahaztuta, inaugurazioa genuen, dotorezia janzki egin omen zuenaren museoak ea mailako gonbidatuak zituen kuxkuxeatzeko. Espainiako erregina, isilik dagoenean emakumearen irudi atzerakoia emanagatik hitz egiten duenean matxista egiten gaituen instituzio zaharkitu eta antidemokratikoenaren ordezkari —tira, antidemokratiko kategoria oso eskatua da azken aldian—, erreginak postua zor dion pertsona berberarenondorengo den bordiutar bat, Marichalar… «Alta sociedad, diseño y cóctel del Arzak», guk gonbidatzen dugu, eta anfitrioi lanetan, sozialista bat.

Memoria historiko ariketa sofistikatu bat zen beharbada, eta ni ez naiz ulertzeko gai izan, PNV eta PSE hain estilo fineko izanik; ulertzen dut ikuspuntu kulturaletik Donostiako alkateak beldur ematea, azken finean politikaria da, panikoa ematen duena politikari bat hitza bera ahoskatzen entzutea baita, baina beldurtu direnak ere politikariak baldin badira, susmatzen dut agian Arzaken hurrengo koktela beren poltsikotik ordaindu beharko dutelako dela, edo klasista jasangaitz batzuk direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.