Hedoi Etxarte

Klase borroka eta Leopard tankeak

2025eko martxoaren 29a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Aparkalekuko aldapan kotxea gelditu zitzaidan. Arrankatu nuen baina ez nuen asmatu pedalen konbinazioarekin. Eta bateria agortu zitzaidan. Bolantea ia blokeatuta, ezin atzeraka maniobrarik egin; zorionez, alaba txikienarentzat eszena zeharo barregarria zen: motorraren soinuak, argiak piztu eta itzali, esku balaztaren klika... 

Edozein unetan etor zitekeen beste ibilgailu bat irteera bakar horretara; estutasun horretatik atera ninduten aurrenekoak eta bakarrak bikote kolonbiar bat izan ziren. «Zer, bateriak huts egin dizu?». Sarrerako aldapara joan ziren aurkako noranzkoan beren kotxearekin, beste auzokide kolonbiar bati hots egin zioten haiek pintzarik ez zutelako. Jarri zituzten pintzak, arrankatu zuten, gure kotxea atera zidaten. Bitartean, natibo bakar batek ez zigun galdetu ere zer gertatzen ote zitzaigun. Izan daiteke kasualitatea, literaturari mesede egiten dion ezaugarri bat besterik ez. Eztabaidaezina zen, ordea, hiruron kotxeek hamabost urte baino gehiago zituztela eta ezin direla orain hirigune askotara sartu aberatsen eta klase ertainekoen kotxeak sar daitezkeen bezala.

Asteon jakin dugu AEBetako Gobernuak %25 gehituko dizkiela zergak esportatutako autoei. France Interrek erreportajea egin zuen AEBetan bertan. Dozena bat urteko kotxea zuen andre batek esan zuen apirilaren erdialdea baino lehenago berria erosterik ez bazuen beste lau-bost urtean kotxe berarekin jarraitu beharko zuela, garestitzearengatik. Gero lau kotxe zituen morroi batek esan zuen ez zuela arazorik garestitzearekin.

Astelehenean Karima Delli eledun ekologista eta Alexandre Jardin idazlea aritu ziren Frantziako emisio gutxiko eremuez. Jardinek oso modu plastikoan azaldu zuen: Tesla bat auzorik pobreenera joan daiteke, pobreak baimena eskatu behar du erdigunean sartzeko, baita lanera badoa ere; lurralde segregazioari gehitu zaio kotxeena. Interesgarria da, berriro ere klase ertainak, progresista beti, pobreak hiriguneetara ez sartzeko logika honetan izan duen abangoardia papera, aberatsen aldamenean. Ekologia esaten diote, baina klase borroka da: Leopard tanke batek 400 litro ezantza kontsumitzen ditu 100 kilometroan, gure hogei urteko Lagunak 6,5 eta, oraingoz, ez du inor hil. AEBetako armadak, soilik erregaian, Portugal edota Belgika osoak baino gehiago kutsatzen du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.