Larrepetit

Kiratsa darie

Hur Gorostiaga.
2011ko azaroaren 11
00:00
Entzun
Azaroaren 20ko eguna, beltzez markatuta egon da luzaz. Espainiar Estatuaren aparatuek Francoren heriotzaren eguna baliatu izan dute hainbat urtez egun horretan euskal iheslari eta militanteen kontra egiteko. Besteak beste, egun horretan hil zituzten Xanti Brouard eta Josu Muguruza, eta oroit dut GAL eta antzekoak, heien gisara Lapurdin, Baxenabarren eta Zuberoan ibilki zirenean, hainbat abertzale ez zela etxetik mugitzen ere egun horretan, edo beldurrez ateratzen zela karrikara.

2011ko azaroaren 20a ez dakigu nolakoa izanen den, baina Bidasoaren alde honetatik so eginez, badago kezkatzerik. Gehienendako oharkabean pasatuko zen, baina aitzineko hauteskundeetan bozkatzeko aukera zuten Ipar Euskal Herrian bizi diren Hegoaldeko hainbat lagun bozkatzeko eskubiderik gabe gelditu da.

Lehenago automatikoki jasotzen zituzten bozkapaperak etxean, baina joan den maiatzetik gauzak aldatu dituzte lege berri batekin.

Iparraldeko udal hauteskundeetan 2008an partehartu zutenei ez diete utzi maiatzeko udal bozetan parte hartzen hegoaldean. Are gehiago, diputazio bozketan ere ezin izan dute parte hartu, nahiz eta hemen ez duten Kontseilu Nagusirako (Diputazioaren parekidea) hauteskundeetan parte hartzeko aukerarik izan.

Azaroak 20ko bozei begira, moldea ezberdina izan da, baina emaitza bera. Bozkatzea eskubidea izanik ere, bozkatu ahal izateko gutun bat jaso behar zuten, galdeginez ea bozkatu nahi ote duten. Gutun hori jaso ez duenak, edo gutunari erantzun ez dionak (erantzunaren bidalketa norberaren sakeletik ordaintzekoa zen...), ez du bozkatzen ahalko. Eta erantzun dutenen artean ere, zenbaitek ez du bozkapaperik jasoko, nahiz eta zentsoan inskribaturik izan. Eta gainera ez dago inolako aukerarik helegiterik aurkezteko.

Ez dakit Ipar Euskal Herrian bizi direnei bakarrik aplikatu dieten neurri berria, edo zerrenda jakin bati. Baina hauteskunde hauei kiratsa darie.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.