Arantxa Iturbe.
Larrepetit

Kintoak

2012ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Kintoak izango ziren Donna eta Jean-Marie. Hirurogeita hiru.

Donnaren heriotzak aspaldian hildako doinuak berpiztu ditu gure oroimenean. Bi egunotan kontatu digute behin eta berriz auzoko abesbatzan kantari hasi eta dantzalekuetako erregina bihurtu zenekoa, haren kanturik entzun gabe nolaz biziraun ahal izan dugun pentsarazteraino. Igualdio. Hil da, eta orain badakigu. Badakigu bizi izan zituela milioika disko saldutako urteak, dibortzio bat eta argitzen lanik inork hartu ez duen zurrumurrua: homosexualei hiesa merezia zutela esan zienekoa. Batzuek barkatu diote, gogoratuz hark ukatu egin zuela hori esan izana, eta beste batzuek hortxe utzi dute, «omen» bat erantsita. Edozein eratara, segurua dirudi hil dela eta haren doinutara dantza egindako belaunaldi bat akordatu dela izan zela garai bat haren doinutara dantza egin zuena.

Jean-Mariez dakigu alabaren apartamentura sartzen ari zelakoan harenean sartutako batek aurkitu zuela gorpu. Eta Bordeleko jendeak ezin duela ulertu nolaz ez den inor konturatu Jean-Mariek hiru urte zeramatzala gorpu. Hiru urte. Denak galdezka: baina nolaz ez dira konturatu bizilagunak? Nolaz ez da konturatu postaria? Eta praktikoago jarriz: nolaz ez da jabetu etxe-jabea? Eta alokairuaren erdia ordaintzen zioten zerbitzu sozialitetakoak? Nola iritsi liteke pertsona hil eta munduan inorengan hutsunerik ez uztera?

Hotz-hotzean, ez dira hain amaiera desberdinak. Aspaldi idatzi zuen Joseph Conradek amets egiten dugun bezala hiltzen garela: bakarrik. Edo ez. Ez zen horrela. Amets egiten dugun bezala bizi garela idatzi zuen Conradek: bakarrik. Sekula ez dugu jakingo Jean-Marie eta Donna kintoetatik benetan nor bizi izan zen amets egiten den bezala. Aldea da Donnak dantzan jarri zigula gorputza bizi zenean. Jean-Mariek eragin diguna ez da dantzara iritsi: dardarizoan geratu da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.