Barre asko egin dut beti laugarren boteretzat hartu izan nautenean. Behin, ondo akorduan dut, nitaz definizio hori eman zion batek hirugarren bati. Kazetaritzari buruz eta kazetari izatearen gainean ofizioan dagoenak konta litzakeenekin, ziurrenen, deseroso sentituko da asko; edo denak. Esango nuke distantzia dela kazetaritzaren gakoa: gauzekiko, jazoerekiko, ikusten duenarekiko, eta, batez ere, boterearekiko.
Kazetaritzan badira zenbait hedabide eredugarritzat hartzen direnak. Esaterako, The Washington Post. Nixon presidenteak dimisioa eman zuen egunkari horretan Watergate kasuaren gainekoak publiko egin zirenean. Aspaldiko da, baina. 2013an, munduko online dendarik handienaren jabeak erosi zuen. Askok, eta bertan lan egiten zutenek gehiago, zalantza baino ez zuten. Azken egunotan Bezos jabeak emandako aginduak argi utzi ditu gauzak: iritzi sailean bi hizpideren alde baino ez da egingo: norberaren askatasunak eta merkatu librea. Iritzia saileko arduradunak, David Shipleyk, dimisioa eman du. Albistea irakurri nuenean egunkaria hila zela pentsatu nuen, eta gero, kazetaritza ikasten ari den emakume batekin nuen hitzordura joan nintzen. Aholkuak ematea ez da erraza, baina kazetaritzan sinesten duten gazteak behar ditugu. Mundua konta diezaguten distantziatik, mesfidantzatik, eta kritikotasunetik. TWP-en zuzendari izandakoak, Marty Baronek (2012-2021), elkarrizketa batean adierazi zuen: «Misio bat dugu kazetari bezala, eta aldeetako bat bada, boterean dagoena dagoela, boteredunei eta erakundeei kontuak eskatzea». Aholku onena iruditu zitzaidan.
Eta, hala ere, han eta hemen kazetaritza egitea gero eta zailagoa dela begitantzen zait.