Ander Perez Argote

Kausa onak

2024ko abenduaren 13a
05:00
Entzun

Izatez, ez da berria ekintza gutxi-gehiago zalantzazko bat asmo hobeagoko arrazoi baten atzean kamuflatzeko joera. Futbolzale askorekin pasatzen da: gizonezkoen futbola bezalako masa mugimendu batean presente egoteko beharra azaltzen dizute, ezkerreko balioak ere hor egon daitezen, edo gure nortasuna urtu ez dadin izarren neurrira egindako masa kirol-ikuskizunean. Asmo zilegiak denak, zentzuzkoak agian ere bai, baina ez direnak inor futbolean zaletzeko motor. Chico, aitortu futbola gustatzen zaizula eta listo. Ez da ezer pasatzen. Kausa onak asko dira munduan.

Ehiztariekin ere pasa zaizu azkenaldian, bereziki irratian ehiza bizitza da lelodun iragarkia entzun eta gero —leloaren makabroarena, hiltzera dedikatzen den praktika batez ari garenean, ejem, beste baterako—. Finean, diotena zera da, ehiza ezinbestekoa dela espezie batzuen superpopulazioa orekatzeko, eta, ondorioz, ekosistemen harmoniarako. Eta, gaian aditu ez zaren arren, eta argudioa baieztatzerik zein ukatzerik ez duzun arren, susmo bat baduzu argi: inor ez dela ehiztari egiten natura salbatzeko nahiagatik. Izatekotan, ostean etorriko da arrazoinamendu hori, eta ez abiapuntuan.

Betiko legez, baina, testuinguruak du dena baldintzatzen. Goiko bi adibideak, ematekotan, ikuspegi kritiko minimo bat duen eta bi praktika horiek —futbola eta ehiza— zalantzan jarri ditzakeen norbaitekin elkarrizketa sortzean emango dira. Gizartean orokorrean, nekez. Eta, beraz, esadazu zenbateraino estali behar duzun zerbait kausa on baten atzean, eta esango dizut ezkutatzen duzuna ze punturaino dagoen sozialki onartuta.

Horregatik kezkatu zaitu lagunari entzuteak etengabe bikote estrukturen kontra ari den beste lagun horrek, barruan, bikotekiderik ez izatearen mina gordetzen duelako jokatzen duela horrela: oraindik gizartean onartua ez denaren berri ematen duelako. Kamuflatu behar duenaren berri.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.