Metroan, normalean ez bezala, euskara asko entzun zen. Barakaldo bidean gindoazen eta bide erdian emakume gazte bat sartu zen. Bera ere harritu zen hainbeste euskara entzunda, eta metroz okertu ez zela berresteko, norabidean ondo ote zegoen begiratu zuen. Barakaldora milaka eta milaka pertsona heltzen hasi ziren. Osteratxua ematen ari zen bikotea txundituta zegoen eta guregana etorri zen. Gizona sakelakoan bilatzen ari zen, baina emakumea zuzenagoa izan zen: «Zer kontzertu dago?». Eta lagunetako batek «Hertzainak!» esan zionean, gizonak buruarekin berretsi eta bilaketari utzi zion. Ez ziren, baina, kontzertura etorri. Sarrera barik ezinezkoa zen. Bizkai aldean egin behar zen azkenengo kontzertua zen, tira, hurrengo azkenengo kontzertua atondu zuten arte. Nik uste baino gazte gehiago zegoen kontzertuan, ziurrenen, gurasoek hainbestetan jarritako musika zuzenean entzuteko gogotsu. Gure aurrean hogei urte ozta-ozta izango zituzten gizon bi zeuden. A ze gozatua eurena. Abesti denak kantatu zituzten, elkarri besarkadak eman, metxeroa piztu une gogoangarrietan, jauzi eta dantza, selfie pare bat egin, hunkidura-malkoak ere atera zitzaizkien kontzertu amaieran. Barka nazatela taldekoek, baina eurak izan ziren guretzat protagonista.
Milaka pertsonak zuk hainbestetan kantatu dituzun abestiak ahots batez kantatzea itzela da. Katarsi kolektiboak behar ditugu, ez soilik guk, gizakiak behar ditu taldeko zati sentitzeko. Izaki sozialak gara eta azken hamarkadan norbanakokeria nagusitzen bada ere, ezer bagara taldean gara. Berriki izan ditugu adibideak: bertso txapelketa nagusia edota Hertzainak-en despedidak. Bigarrenez esan diot agur nire gaztaroko taldeetako bati, ziurrenen, etxean gehien entzun dudan taldeari. Hemendik gora etxeko intimitatean, lantzean behin, gogoratuko dut konstante bat izan dudana. Bizitzak aurrera egin behar du, sortzaileentzat ere bai.
LARREPETIT
Katarsiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu