Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Kartzela digitala

2019ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Mark Zuckerberg Facebook multinazionalaren sortzaile eta zuzendariak gutun bat bidali zien bere «komunitatea» osatzen duten bi mila milioi erabiltzaileei 2017an. Gutunean sareak sortzen zuen munduari buruzko gogoetak egiten zituen. Bere tesi nagusia da —Eric Klinenberg soziologo estatubatuarrak Le Monde Diplomatiquen jaso duenez— gizateriak aurrera egiten duela muga sozial eta geografikoak gainditzen dituenean. Eskala gero eta zabalekoago komunitateak sortzean hobetzen dela gizateria. Tributik, hirira, hirietatik herrialdeetara. Bakarka ezingo genukeena taldean eginda egin duela aurrera gure espezieak.

Donald Trumpen hauteskunde prozesuaren ateetan, Zuckerbergek «errefuxiatuei eta laguntza behar zuten pertsonei ateak zabalik» uzteaz jardun zuen. Facebook-en misioa —gure datu pribatuak saltzeaz gain— garai autoritarioetan gizartea berregitea delako. «Guztion beharretara moldatuko den» gizarte bat. 1970eko hamarkadan sortutako egituren alternatiba, krisiari alternatiba, denok, denbora guztian, sareari konektatuak egotea litzateke: «Azpiegitura sozial bat geure komunitatearentzat garatu behar dugu». Nondik eta AEBetatik idatzitako gurariak dira. Eta irtenbideek ez dute beste garai batzuetako filantropiarekin zer ikusirik. 1883an, Andrew Carnegie altzairuaren magnateak 1.679 liburutegi eraiki zituen AEBetan, adibidez.

Baina afera gaur ez da Facebookek ordaintzen ez dituen zergak, ala benefizientzia. Afera da sarea ez dela loturei deitzeko modu eder bat. Sarea da ludopatia. Justin Rosensteinek asmatu zituen Facebookeko like-n botoiak eta sare sozialak heroinarekin konparatu ditu (Ingrid Guardiola, El ojo y la navaja, Arcadia: e z i n b e s t e k o a), adierazi du koefiziente intelektuala jaisten dutela, etengabeko distrakzioa sustatzen dutelako. Liseriketa, sedimentazioa, ideien garapena eta sakontzea ekiditen dute. Facebookek, adibidez, denboraren kronoskopioak, kanpoko esteka bat jartzean gure ingurukoei ezkutatzen die. Facebooketik alde egin dezagun. Ez gaitezen jabetu, birtualean gaudela, aldamenean jendea dugula, ala bakarrik gaudela, ala komunzuloan eserita, ala bazkaltzen. Itzali sakelakoa, utzi etxean. Ez itzuli etxera hiru ordutan. Itzulitakoan, ez kontatu sarean. Ez esan «zaindu zaitez», esan «utzi sakelakoa etxean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.