Sarean erraz aurkitzen dira ingelesez gaizki ematen duten beste hizkuntzetako hitzak. Thailandieran /porn/ ‘bedeinkazioa’ da, eta /poo/ ‘karramarroa’ (ing. ‘kaka’): Turistek, euren ohiko sen onarekin, Cooking with poo liburua bestseller bihurtu omen zuten. Dick ‘hiztegia’ (ing. ‘zakila’) dudarik gabe latin hitzaren laburtzapena da: ezin dut irudikatu non izan litekeen anbiguo, baina ez dezagun gutxietsi errealitatearen sormena.
Errusian ba omen ziren/dira Assól izeneko hamaika taberna, eleberri erromantiko baten protagonistaren izenetik (ing. ‘ipurdia’). Gogokoena dut norvegierako fart ‘abiadura’ (ing. ‘puzkerra’): bertako poliziak maiz fartskontrollak ipini behar ditu, edonon bezala: ikusi egin behar ilaran zain dagoen ingelesdun elebakarraren aurpegia.
Tabu hitza James Cook esploratzaile britaniarrak ekarri omen zuen Europara Polinesiatik, zehazki Tonga hizkuntza eta kulturatik, 1777an hartu zuen oharraren arabera.
Mundu osoko 17 herri eta 13 hizkuntza aztertu dituen ikerketa batean (Sulpizio, Günther et alii 2024) bederatzi tabu-hitz erabilienak alu, puta, zakil, maritxu, beltz, izorra(tu), kaka, ipurdi eta ergel dira, hurrenkera horretan.
Euskaldunik izan bazen auskalo, baina euren laginean serbiarrak dira garaile tabu-hitzen kopuruan, eta alemanak bigarren. Berriz, parte-hartzaileen bataz bestekoan alemanek aise irabazten dute. Beste muturrean, mandarin txineraren hiztunak.
Australiako aborigenek tabu bihurtzen dituzte hildakoen izenak, berriro erabiliko balira haiek mundu honetara itzultzeko deia jasoko luketelakoan. Madrilgo komunitatearen lehendakaria aspaldi bihurtu nuen tabu nire sare sozialetan, eta gertu nago AEBetako lehendakaria eta haren «gobernuko langile berezia» ere bide beretik bidaltzeko. Karramarro zahar halakoak...