Hedoi Etxarte

Karlistak datoz-eta

2023ko abenduaren 2a
05:00
Entzun

Lerro hauek ez dira zonbi karlisten Ataun of the dead filmari buruz. Ezta ere eskuin muturraren deialdietan Iruñean ikusi dugun Borgoinako gurutzeari buruz. Ezta ere Leitzan Amnistía no, ez jartzen zuen afixaren azpian zegoen zortzikoteari buruz.

Ez aspaldi, Lizarraldeko lagun batek adierazi zidan: ikusiko duzu nola ezkerreko jendea hasiko den aurki arbaso karlisten krimenak zuritzen. Karlistak izan ziren Hegoaldean 1936ko gerrako kriminal nabarmenenak. Nafarroa Garaian, gerra fronterik gabe, fusilatu zituzten 3.400en ardura zuzena erreketeena izan zen. Frontea Irundik Gipuzkoara zabaldu zenean sarraskiekin jarraitu zuten. Gipuzkoan «nafar» gisa ezagutzen zituzten, baina Nafarroako faxistak ziren, gorriak hilda, ihesean ala ezkutuan zeudelako. Kolpistek aurrera egindakoan, herriz herri, karlista gipuzkoarrek nafarrei salatzen zieten nor zigortu behar zuten. Falangeak apenas izan zuen presentzia Hegoaldean eta, beraz, CEDAren inguruko erreakzionario espainolistekin batera (Derecha Vasca esaterako), bertako karlistak izan ziren Espainiako armadarekin, faxista italiar, marokoar eta alemanekin Euskal Herriko 25.000 pertsona garbitu zituztenak.

Ezin da XIX. mendeko karlismoa 1930etatik aurrerakoarekin lotu. Baina ezin da, Jurramendin 1977an bi lagun hil zituztelako eta 1950etik aurrera karlista batzuk Francorekin pozik ez zeudelako, Karlismoa 1936tik banandu, ia Francoren oposizio kristaudemokratan kokatzeraino. Zeren falangismoak ere izan zituen talkak Frankismoarekin (gogoratu Sancho Dávilaren eta Manuel Hedillaren baztertzeak ala Serrano Suñerren marjinazioa). Ez litzaioke inori okurrituko falangismoa Frankismoarekiko ildo kritiko gisa saltzea, are gutxiago, langile mugimenduaren parte zela esatea; bada, batzuk hori egin nahi dute gaur karlismoarekin, zuritze onartezin bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.