Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Karikaturak

2016ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Badira karikaturari lotzen zaizkion egunak; urteetako hondarrak eta historiak maiztuak, herriek eta gobernuek hain beretzat hartuak ezen ezin baitira ikusi erdokaz apainduta baino. Erraz utzi digute: Aurkikuntzaren eguna eta Hispanitatearena, Guardia Zibilarena, Arrazarena eta Ama Aberriarena. Diego Riveraren hormairudi handi bat urriaren 12a: diktadore batek aukeratu erregearen semea armadaren erakustaldia bedeinkatzen, 36ko gerra irabazleen banderen mozkorraldia, hizkuntzaren aldarrikapen inperiala, hiru karabelen bidaia kulturala, legioaren ahuntza eta Santa Teresaren beso ustelgaitza.

Errazegi uzten digute, baina maiz maila berekoa da ematen dugun erantzuna, primarioa zeharo. Ze bestela ez dakit zertara datorren, esaterako, Ameriketako herrien aldeko aldarrian hango biztanleak «indioarena egitera» behartzera, luma, pintura eta guzti estanpa kolonialetara kondenatzea, noiz eta XXI. mendean. Nik behintzat arazoak ditut, ez bainaiz gai oraindik auzoko paraguiarra guaraniz agurtzeko; uste dut apalategian ez dudala gazteleraz edo portugesez idazten ez duen egile hegoamerikar bakar baten libururik. Ez ote gara ari Vasquitos y nesquitas zein Chomin del Regatorena salatu dugunok besteak ikusgarritasun kitsch berberera kondenatzen? Hori bai, antiespainoltasunaren izenean.

Eta barka boutadea, horrexegatik uste dut urriaren 12a sufritzen segitu behar genukeela, harik eta urriaren 12 batean, udazkeneko eguzki epelaz gozatu nahian, euskaldun gazte isil bat ikusi arte Boliviako gainetatik, Peruko oihanetik gurera etorritako adineko baten gurpil-aulkiari kafetegira bultzaka, mantatxoa altzoan txukun jarri eta kafesneak zikindutako ezpain-mintzak garbitzen.

Nahiago nuke oker banengo, baina susmoa dut gurasokeriaz janzten dugula berez salaketa eta elkartasuna nahi lukeena. Horrexegatik dira barregarriak egun seinalatuak. Egunez egunekoak ematen digu garenaren neurria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.