Maider Galardi

Kanpin jendea

2024ko uztailaren 18a
05:00
Entzun

Dutxara toalla gerrian eta xanpua eskuan doan gazte kuadrilla bat topatu da afariko mahai tresnak balde batean daramatzaten aita-semeekin. Momentu horretan bizikletan gurutzatu zaizkie haur koxkorrak. Soinu bandaren parte dira bikote jubilatuaren karabanako telebista, itsasoa edo erreka eta kilkerrak. Igerileku usaina dago airean.

Txikia nintzenetik urtero errepikatu zait estanpa, baina sofistikatzen joan naiz baliabideetan. Gurasoekin arakatu genuen goitik behera Frantzia lehenbizi —oso kanpin onak omen zituzten—; gerora, ahizpa eta biok oraindik bidaietara kateatzeko edo, joan ginen Belgikara, Herbehereetara eta Italiara, beti oihalezko etxea gainean. Nire kabuz ere segitu dut horretan, aurrena kanpinean Galiziara; gero, nire ondasun bakarra den hirugarren eskuko Berlingoan Cadizera eta Mutrikura, eta alokatutako furgonetan Korsikara. Aurten goia jo dugu: Esloveniara iritsi gara bi I-ak eta bi M-ak autokarabanaz. Amets amerikarra kanpineko diziplinan.

Maite dut kanpin jendea: argindarreko kablea iristen ez zaizula? Ba bizilagunari eskatu eta listo. Harrikoa egiteko xaboirik ez duzula? Aiba, tori. Kotxeko bateria bukatu zaizula? Beti ditu norbaitek pintzak, eta beti dago norbait prest laguntzeko. Eta klasikoetan klasikoena: etxetik milaka kilometrora, ikusi duzu Athleticen kamiseta bat, eta gerturatzen zara, eta, «euskaldunak?» Eta haiek baietz, eta sentitzen duzu halako konplizitate bat —muxu bat hemendik Bergarako bikotearentzat, bidaia on!—.

Baina klaseak ere zeharkatzen ditu kanpinak. Batzuek orube handiagoa dute, beste batzuek mobile home-a erosita. Horiek bai. Horiek dira kanpinen benetako alkateak. Umea zarenean haur horien laguna izan nahi duzu, uda osoa bertan pasatzen dutelako eta jaun eta jabe direlako. Eta gero, badago lau gurpildun etxeen arteko hierarkia bat. Nik ikusi dut nire Berlingo txikia piztiaz inguratuta eta sentitu naiz zaurgarri. Orain, hiru metro eta hogei garai den autokarabanako leihotik behera begiratzen ditut besteak. Pribilegioaren zaldi gainean gustura noa trostan. Ea ez didan txorakeriak gehiegi irauten. Berlingoa eta oihal-etxea, biak daude-eta gurasoen garajean nire zain.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.