Larrepetit

Kaleidoskopio

2011ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Iz. Barnean ispilu batzuk eta kolorezko objektu txikiak dituen hodi opako batez eratutako aparatua. Hodi barnera begiratuz irudi desberdinak ikus daitezke».

1. Hondartzan udalekuetako umeek borobila zabaltzen dute toallekin. Lerroan heldu dira, fuksia koloreko txapelak jantzita. Askari orduan begiraleak esan die: «ez mugitu ogitartekotik toalla bukatu arte!» Lehengo begiraleak ia beti ia denak izaten ziren ederrak; berdin jarraitzen du horrek.

2. Herriko liburutegian giro ederra sortzen dute udatiarrek. Egunkaria irakurtzera datozenak gizonezkoak direla behatu dut, adin ezberdinetakoak eta denetariko egunkarien irakurleak. Interneteko konexioagatik datoz asko eta asko. Nerabe taldetxoak pantaila aurrean esertzen dira elkarrekin argazkiak ikustera eta kikildu gabe denentzako hitz egiten dute beren intimitateaz. Liburu bila ere badatoz, eguraldia hondartzara joateko ez baina irakurtzeko aproposa baita.

3. Gaueko metroan alemanez mintzatu naiz bederatzi egunetan kostako Jakue bidea bizikletaz egin duten Bremengo bi gizonezkorekin. Gorlizko kanpinean dute autoa eta Guggenheimeko bisitarekin Bilborekin konplituta hartuko dute buelta. Bilbok garraio zerbitzu ona duela deritzote, Urdulizera heldu eta 20 minutu itxaron behar dutela jakin aurretik. Gaua gaztelania praktikatzeko momentu egokia dela azaldu dit motxilarekin bidaiatzen duen gazte estatubatuarrak; Euskal Herrian irlandarrek bezain izen ahoskatu ezinak ditugula kontatuko du.

4. Eguraldi euritsuaz kexatzen entzun diot jendeari, baina orobat, esango nuke eroapen miresgarriz onartzen duela Euskal Herri tropikalaren marka bereizgarria. Euritakoa atera eta aire!

Deskonektatu egin dut munduarekin. Komunikabideetako munduarekin, esan nahi dut. Albokoari, ingurukoari (nahiz eta beti ulertu ez), begiradarekin antzeman daitekeen horri, ondoriorik ateratzeko helbururik gabe, bukaerarik ez duten zatien berezko interesa aitortuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.