Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Jungla

2016ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Jungla deitzen dute oihana ez delako, are gutxiago basoa. Basoan Txanogorritxoren amona bizi zen lehen, baina ehiztariek otsoa hil zutenetik zidorrez josi dute jendearen asteburuetako ibiliek. Basoan onddoak daude, GRa nondik doan erakusten duen markatutako arbolak eta egur ustiaketan dabiltzan kamioientzako pistak. Eta oihana ere ez da, ezen oihana Irati da, euskal exotismo bat, Bedaxagarren zuhainen negarra, edo entziklopedietako hori bestela, esploradoreena, Tarzanena, bere tximu, tigre, anakonda, gorila, krokodilo eta abarrarekin. Oihana, azaldu zidan Laidaren lagun batek behin eskolako patioan, Afrikako basoa da.

Horrexagatik ez da Calaiskoa ez baso eta ez oihan. Calais Europan dago, eta abenturak egunero izanagatik —ez dira ba izango milaka lagun badaude zain Mantxako kanala kosta ahala kosta nola igaroko—, menturazaleak ez dira ez Stanley ez Livingston deitzen. Jungla da oihana baino are zikinago delako, sastraka da, sasipea, saparra, zakardia, basalarrea. Arriskua, gutxi da. Piztiek ere ez dute izenik junglan, Tarzanenak haurrentzako maskotak dira hangoen aldean. Hori guztia eta gehiago esan nahi du jungla hitza aukeratzen duenak Calaiseko kanpamenduei deitzeko. Junglako legea zibilizazioaren orden moralaren antonimoa da.

Orain, egunotan Frantziako mila eta laurehun polizia Calaisko kanpamendua eraisten ari direlarik, ez dakit ez ote geniokeen honetan ere gure hiztegiari begiratu bat eman beharko, ze deskuidatu, ez gara egiten. Jungla esan eta inork ez du parlamentaririk ikusten, ingeniaririk, irakaslerik, dendaririk. Gure kosmobisioan obrerorik zapalduena eta etxekoandrerik menostuena ere ez da jungla.

Eta hala aurkeztuta, nola ez dizkigu hezurrak dantzan jarriko masa formabako horrek; izenik gabe, lanbiderik gabe, maitasun istorio homologaturik gabe, zer erakutsi nahi zaigu gure ordena irenstera datorren bururik gabeko piztia ez bada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.