Shakespeare idazlearen Juliet bezala amaitu du Julieta Hernandezek (Miss Jujuba), baina ezberdin. Heriotza oro baita ezberdina. Julieta Venezuelakoa zen, eta clown edo pailazoa. Brasileko São Paulo hirian bizi zen aspaldi, eta bertako Circo diSóLadies elkarteko kide zen. Nik ez nuen bere bizitza ezagutu, baina bere heriotza ezagutu dut.
Urtezaharra Venezuelan bizi zen bere amarekin eman nahi zuen, eta horregatik normalean eramaten zuen bizikleta hartu eta txiri-txiri haruntz jo zuen. Bide erdian, baina, senar-emazte batzuekin egin zuen topo Amazonia aldean: Thiago Agles da Silva eta Deliomara dos Anjos Santos. Julieta lotan zegoen eta gizona aizto batekin hurbildu zitzaion sakelakoa lapurtzeko asmotan. Julietak bere erasotzailearekin borrokatu ei zuen, baina hau indartsuagoa zen eta itoarazi zuen. Lurrera bota eta gizonak emazteari oinak lotzeko eskatu zion. Etxe barru batera sartu eta gizonak bortxatu egin zuen Julieta. Horretan zegoela, emaztea jeloskor sentitu eta alkohola bota zien; eta su eman. Senarra handik atera zen. Orduan emazteak itoarazi eta bortxatu berri zen Julieta hartu, urkatu, eta hil ondoren, lurperatu zuen inork egindakoa jakin ez zezan. Julietaren lorratzei jarraituta heldu ziren bere bizikletarengana, eta bere gorpuarengana. Bere heriotzak itzelezko kalapita sortu du Brasil eta Venezuelan, baina baita munduko pailazo elkarteetan ere.
Hilketa egindakoak atxilotuta daude. Eredugarria den zigorra eskatu du, besteak beste, Venezuelako Gobernuak. Nik, aukeran, nahiago nuke eredugarritasun gutxiago eta emakumeok horrelakorik berriz ere paira ez dezagun bideak, neurriak eta ahalegina egitea.