Kattalin Miner.
LARREPETIT

Joan aurreko oharrak

2016ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Behin kaña eman nion Emma Watson aktoreari urte sabatikoa hartuko zuelako zer eta feminismoaz zerbait ikasteko. Nik urte sabatikorik ez, baina txoko honi agur esateko ordua heldu zait.

Gauza asko esan daiteke urtebetean, baina plazer handiena buruan zeuk irakurri nahi zenukeen hori izanda idaztea da. Besteak asko eta askotarikoak garela ohartzea. Akaso ez garela beltzak ohartzea baina Tess Asplunden irudia grabatuta geratzea. Trol matxistez ahaztu eta inoiz feminismotik idaztetik ez uztea. Eraildako emakume bakoitza papereratzea, baina baita plazak hartzen ditugunean ospatzea ere. Oraindik norbait enteratu ez bada, hamaikagarrenez bollera naizela azaleratzea; (sorpresa), eta emakumeok bostekoa ematea aldarrikatu ostean gizonak bi musuz agurtzea kalean.

Ikasi dut futbola ezkertiarron artean ere ukiezina dela herri honetan. Twitterren esaten didatenez, futbol zelaiak sekulako borroka esparru politiko izan daitezke. Esaterako, Otegirekin ikasi nuen «Gaur Errealak, bihar gure herriak» irabaziko duela. Otegiri ez ezik EH Bilduri ere zor dizkiot eskerrak hainbat artikulutarako bazka ematearren, eta gaur bai: eskerrik asko, Larreina. Hala ere, politikan egurra ematen erraz eta gozagarrienak podemita vasco-ak izaten jarraituko dute. Animo. EAJrekin, ordea, amorrua ematen dit tinta apurra ere gastatu izanak; nire mespretxu handiena jasotzen jarraituko dute jendartearen bizkarroi handienak diren artean. Erraustegia. Oinarrizko errenta murrizketa. Kaka.

Azkenik, akorduan dut nola mugitu genituen harriak urtarrilean eta nola borrokatu diren Fresneseko lagunak. Preso mantentzen dituzten guztientzat ez da sekula elkartasunezko tinta nahikorik izango. Agur beroena zuei.

Eta, azkenik, irakurleoi noski: plazera zuek zarete, serio. Laster arte, eta kontuz nire atzetik datorrenarekin, ez zaizkizue ostiralak alferrik pasatuko eta!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.