Larrepetit

Janaria, sorterria

2011ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Esperantzak ez du sabela betetzen; sabelak ematen omen digu ardura gehiago arimaren kontuek baino. Oso lotuta doaz biak, ordea, sabela sentimenduen organoa baita. «Gure sabelak, gure jabeak» esaten da euskaraz. Alemanez, maitasuna bera ere iragaten da sabeletik: zinez maitemindu den orok tximeletak sabelean sentitu dituela esaten da. Sabelean, eta ez bihotzean, pilatzen dira sentimenduak.

Janariak, usainek eta musikak bezala, oroitzapenak berpizten ditu. Janari on batek haurtzarorako eta, beraz, sorterrirako bidaian jartzen gaitu. Lehengo astean, gurasoak izan ditut bisitan, eta amamak prestatutako antxoa arrautzeztatuak ekarri dituzte tupperrean! Janaria sentimendu kulturalaren gorenean dago, hizkuntzarekin batera. Identitatearen zati gozoetako bat da. Etorkinek ondo ezagutzen dute fenomenoa, eta komunitate oro arduratzen da bizi duen atzerrian jaioterriko produktuak saltzen diren dendak izateaz. Etxetik hurbil ditut Afro-Karibik Markt, Asia Mekong, Euro Gida, Mitte-Meer izeneko supermerkatuak. Azken horretan erosi ohi ditut piper berdeak, Ortiz antxoa latak, oliba olioa eta ardo nafarra. Mahaian ase gura duguna ez da soilik sabela.

Gutiziak gutizia, egunerokoan jakien jatorriari begiratzen diogu supermerkatuan. Ahalik eta hurbilekoenak nahi ditugu, «bertakoa» etiketarekin datozen horiek. Mailukien sasoia dugu orain eta, zalantzarik gabe, mailuki alemanek zapore gozoagoa dute Espainian garaia baino lehen batutakoek baino.

Janariaren eta gure arteko distantzia gehiegi handitu da, baina tamalez ez soilik geografikoki. Jatorri ezezaguna duen hesteetako bakterio batek ehunka gaixo eta zenbait hildako sortu ditu Alemanian egunotan. Histeria kolektiboaren kapitulu berria. Eta eskandalua beste bat da. Izan ere, jakien ekoizpen prozesuan ez genuke ahaztu behar nora doan produktua: gure sabelera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.