Mitxelenak ezarri zuen mendebaleko ostean eta bestetan datzan oste ‘atzea’ erraz azal daitekeela esanahi bereko latinezko post-ekin, lat. p, t, k zegoenean b, d, g baitaukagu erregularki, hala nola bake < lat. pace, gela < lat. cella (irakur bedi ke-) edo dorre < lat. turre. Hala, lat. post > eus. *bost genuke, zenbakia legetxe, baina guztiz ohikoa da b lehen lekuan galtzea (burgoi / urgoi ‘harroa’ buru-tik letorke, esate baterako). Horrez gain, beti ostean, osteko eta abarretan erabiltzen denez, ost-ean zena oste-an interpretatu bide zen, atz-ean > atze-an (hatzak atzean uzten ditugu) eta aurr-ean > aurre-an bezalaxe.
Halere, oin-etik ez ote datorren esatera ausartuko naiz. Ezagun denez, oin-ek or(t)- forma hartu du hitz elkartu mordoxka batean: orkatila, orpo, ortozik, etab. Argudio sendoena hauxe: oin-ek hizkuntza askotan nolabaiteko lekua adierazteko daukan gaitasuna. Egia bada ere oin-ek ‘azpian’ leku-esanahia hartu ohi duela (zuhaitzaren oinetan), ‘atzea’ ere adierazten du: adibidez, gimiran (Etiopia) eta zanden (Kongo) ‘oinatza’ esan nahi duen hitzak ‘atzea’ (lekua) eta ‘ostean’ (denbora) ere adierazten ditu.
*Or-tze mendebalean erregularki oste bihurtuko litzateke, bertze > beste eta ortziral > ostiral bezala. Azken hori, eta ostegun haren lagun banaezina, ortzi / urtzi zeruarekin (ortzadar, oskarbi eta senideak lekuko) —baita Ortzi / Urtzi antzinako jainkoarekin ere— lotuak dira. Polita litzateke zeruaren jainkoa jatorriz oinaren jainkoa balitz, eta behialako euskara batean zerua oinean zegoela irudikatzea. Oinarrian, alegia.
Nahum-ek idatzirik utzi zuenez: «Ekaitza eta haize-erauntsia sortzen ditu ibiltzean; bere oinez harrotzen duen hautsa dira hodeiak».