Iratxe Retolaza Gutierrez.
Larrepetit

Jabetza

2014ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Jabetza hitza aipatu, eta ziur asko berehalakoan bi adiera datozkigu burura egun, diskurtso maiztuenen eraginez. Jabetza pribatua batetik, eta burujabetza bestetik. Bestelakorik zehaztu ezean, bi kontzeptu horiek esparru jakin baten zama dakarte, erabiliaren erabiliaz. Lehenak, ondareen jabetza erdigunean kokatu, eta jabetza pribatu indibidualari egin ohi dio erreferentzia. Bigarrenak, kudeaketaren eta antolakuntzaren jabetza erdigunean kokatu, eta burujabetza kolektiboari egin ohi dio erreferentzia.

Hedapenak hedapen, nork bere jabetzak bizi ditu, eta ez soilik ondare-jabetzak, edo kudeaketa-jabetzak. Are gehiago, bestelako jabetzek ondare- zein kudeaketa-jabetza horien zentzua eta definizioa zeharkatzen dute: jabetza afektiboak, jabetza sinbolikoak, jabetza intelektualak… nire, gure eta zure temati horien zama askotarikoa da, eta zimurretan gotorturikoa.

Gurean, adibidez, amaren izeko zena gogora ekarri, eta jabetza ulertzeko moduez marmarka hasi ohi gara. Gaixotu, eta ospitalera eraman genuen. Haserre bizian deitu gintuen gelara: medikuak hiru odol hodi kendu zizkiola, eta ez zegoela eskubiderik, odola lapurtzen ari zitzaizkiola. Lasaitzea lortu genuenean, giltzurruna gaiztoturik zuela esan genion, eta zabalduko ez bazen, aukerarik egokiena kentzea zela. Hala esan zigun medikuak. Izekok, ezetz eta ezetz, mediku hark gibela lapurtu nahi ziola, lagun bati emateko edo. Ez zuen iritzia aldatu. Gaixotasuna hedatu, eta hil egin zen. Gure izeko harentzat, esaterako, bi jabetza horiek ziren funtsezko, besterentzeko ezinak: odola eta giltzurruna. Saiatu ginen izekoren larruan jartzen, kostata. Gerran guztia galdu duenaren mesfidantza izan ote zen. Edo besterik gabe, xuhurkeria. Modu ironikoan ere begiratu izan diogu erabaki hari. Sabiniana peto-petoa zen izeko, eta akaso, odolarekiko atxikimendua keinu sinbolikoa besterik ez zen izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.