Prestatzeko biziraupen-kita, badaezpada ere. Hala agindu die Europar Batasunak estatu kideei. Trepeta-zorro bat beharrezko guztiekin, kanpotiko laguntzarik gabe 72 orduz eusteko barrena. Izan hondamendi naturala, istripu industriala ala kanpoko eraso militarra, ez omen da samurra datorrena, eta hobe pronto egotea. Noiz eta orain, Trumpek agintea hartu duenetik ez denean besterik. Amaitu dela AEBen babesa eta Europak bere burua defendatu beharra duela, eta ekiteko hornitzeari. Lehen arma-enpresak bizikleta fabrika bihurtu baziren, kontrako bidea hartzeko garaia heldu da.
Populazioaren gaineko kontrol-tresna zaharra da izua. Boterean zaudela, zioen Makiavelok, hagitzez hobea da maitatua izan baino, zure beldurrez bizitzea mendean duzun hori. Eta hala goaz ikaraz ikara eta gizaldiz gizaldi geure historia osatzen. Deabruarekin tratua zutelakoan ekin zitzaion Europa guztian emakumeen kontrako ehizari XVI. mendeaz geroztik. Orain, atzerritarrak dira orduko sorginak. Ez bagenituen bankuak salbatzen, ekonomiak molokot egingo zuela esan zitzaigun. Euro bakar bat itzultzeke, irabazien metak itoko ditu laster. Lemoiz ez bazen martxan jartzen, azak jango omen genituen. Luxuzko jatetxeetan bazkaltzen segitzen dute gure profeta politikoek.
Eta hemen nabil neure tiritak, barratxo energetikoak eta linterna kitean sartzen, ganbela tzar honi bueltaka. Ekingo baitiote berriro indarberriturik Guggenheim museoa Urdaibain egiteko kanpainari, eta asmatu ezinik nabil zein izango ote den, hedabide nagusien laguntzaz, egunez egun zabalduko zaigun mehatxua, zein ote den egitasmo kultural eta ekologiko paregabea onartu ezean gainera etorriko zaigun izurri biblikoa.